Iaz egin ahal izan ez zuten publikoaren aurreko ekitaldia egin ahalko dute aurten Arrasate Margo Taldeko kideek, Kulturateko klaustroko ateak parez pare zabaldu baitizkie Udalak, urtean zehar garatutako sormen prozesuaren emaitzak herritarren aurrean erakusteko. Zehazki, martxoaren 18tik apirilaren 23ra bitartean jarriko dituzte euren koadroak ikusgai, baina apirilaren 1etik 11ra itxita egongo da eraikina, oporrengatik. "Ondorioz, lau astez egongo gara bertan; astelehenetik ostiralera, arratsaldero", aipatu du Amaia Aranzabal margolariak. AMTko kideak ez du ezkutatzen erakusketa irekitzeko "desiratzen" daudela, pasa duten "urte lehorra" tarteko.
Hori horrela, "esperantzaz" begiratzen diote, baita ere, maiatzeko azken zapatuan Seber Altube plazan egin ohi duten hitzorduari, eurek marraztutako koadroen azoka antolatzen baitute bertan, kale giroa lagun.
Bi ekimenen artean desberdintasunik badagoela aipatu du Aranzabalek: "Kulturatekora koadro selektiboagoak eramaten ditugu, tamaina handikoak, eta guretzat erakusleiho baten antzekoa da; Seber Altubekoan, berriz, mota guztietako lanei egiten diegu tokia, ikusleak ere aukeratzeko marjina handiagoa izan dezan".
Izan ere, margolariak saiatzen dira beraien obrei etekina ate-ratzen, eta enkargu bategatik egiten ez badute, salgai jartzen dituzte koadrook. "Prezio onargarriak jartzen dizkiegu pinturei, 20 eta 300 euroren bueltakoak, gazteek ere izan dezaten aukera gustuko dutena eramateko", dio Aranzabalek.
ARTISTA BAKOITZAK BERE OBRA BERRI ETA GUSTUKOENAK ERAMANGO DITU ERAKUSKETARA
Euren tokia marrazten
Kulturateko erakusketaren gainean, margolariak azaldu du Udalak "begi onez" ikusten duela herriko taldeek egiten dituzten lanei difusioa ematea, eta, duela urte batzuk "zailagoa" bazen ere, orain "toki bat" egiten diela Kulturateko urteroko programazioan.
Erakusketak ez ezik, ikastaroak ere antolatzen dituzte marrazkilariek: "Jose Manuel Mendez mutrikuar artistarekin saio pare bat egingo ditugu orain, eta irail ingururako Jorge Lopez akuarelista gasteiztarrarekin egin dugu hitzordua". Gauza berriak ikusi eta entzuteko grinarik ez zaiela falta nabarmendu du Aranzabalek, baina "arduratuta" daude, era berean, "kuadrilla inportante bat" jubilatuak direlako. 24 kide inguruk osatzen dute taldea, eta 40 urtetik beherako "lau kide inguru" daude: "Adin horrekin batzuek utzi egiten dute taldea, lanagatik edo amatasunagatik. Baina datozen urteetan gazte gehiago erakartzeko esperantza dugu".
Zalduspetik Kulturolara
Esperantza hori 2022tik aurrera eurena izango den Kulturola eraikineko lokalean oinarritzen dute. Jadanik badakite zein izango den euren lan esparrua, eta gustura daude espazio alda-ketarekin: "Zalduspeko eraikinak ez ditu baldintza duinak betetzen, ura sartzen da teilatutik, ez dago berogailurik, eta kokapen alde-tik ere nahiko abandonatuta dago". Kontrara, "itxura ona" hartzen diote Zaldibar parke pareko instalazioari: "Udalari baldintza bakarra jarri genion, lokala iparraldera begira egotea, eguzkiak zuzenean ez jotzeko".
Etorkizunari baikor begiratzen diote, beraz, Arrasate Margo Taldeko kideek, eta, beharbada, euren koadroek hori adieraziko dute, edo, agian, ez. Ziurra da, gutxienez, teknika aldetik olio-pinturak, akrilikoak eta akuarelak, eta gai aldetik paisaiak, erretratuak eta figura abstraktuak ikusi ahalko direla, datorren ostegun arratsaldetik aurrera, Kulturateko klaustroan.