Aurtengo ludoteka ibiltaria, halabeharrez, desberdina izaten ari da joan den urteetakoekin alderatuz gero, oraingoan neska-mutilek aurretik izena eman behar dutelako. Antolatzaileek adierazi dute "taldekatzeak egin beharrean" aurkitzen direla: "Egunean bertan parte hartzeko aukera oso txikia da, gehienetan plazak beteta izaten baitira, beraz, garaiz ibiltzea komeni da".
Horrekin batera gaineratu dute oraindik badagoela izena emateko aukera. Horretarako, lotura honetan sartu behar da. Plazak betetzen direnean, egunak aukeratzeko dagoen gunean beteta jarriko du esteka horretan. Hori jarriz gero, itxaron zerrendara pasako lirateke jarraian apuntatzen direnak. Parte hartuko duten guztiek, berriz, ostiralean jasoko dute baieztapen mezu bat.
Lehen aldia San Andresen
Joan den larunbatean garatu zen Arimazubi plazan auzo horretako lehen ludoteka ibiltaria. Txatxilipurdiko hezitzaileek bertara "jende ugari" batu zela azaldu dute. Datorren zapatuko ekimenean parte hartu nahi dutenei aurrez izena ematea ez ahazteko gogorarazi diete: "Ekintza ezberdin ugari egiteko aukera egongo da Arimazubi plazan, 11:30etatik 13:30etara bitartean, hiru hezitzaile bidelagun izango dituztelarik". Euskaraz larunbat goiz atsegin eta entretenigarria pasatzeko aukera aproposa.