Hasiera batean partidu zaila zen Ardoiren kontra jokatu beharrekoa, talde nafarrari garaipenak bakarrik balio zion eta sailkapenaren aurrealdeko postuetan ostera ere muturrak sartzeko. Eta berdintasuna izan zen nagusi lehiaren lehen zatian, 18-20 eta 25-26ko partzialen ostean (lehen bi laurdenak), atsedenaldira 3 puntuko aldearekin joan ziren moreak (43-46).
Albiste txarrak lesio moduan etorri ziren lehen zati horretan, Oier Badiolak eta Martin Buesak min hartu zuten eta belaunean eta orkatilan, hurrenez hurren, eta partida utzi behar izan zuten bigarren laurdenaren erdialdera.
Horrela, erasorako gaitasun handia galdu zuten moreek. Hala ere, arrasatearren bigarren zatia ezin hobea izan zen, eta beste arma batzuekin lortu zuten talde nafarra mendean hartzea: Defentsan lan kolektibo izugarria egin zuten eta erasoan irakurketa bikaina egin zuten. Ardoiko entrenatzailea saiatu zen defentsa mistoak planteatuz, 2-3 zonako bat proposatuz, baina ezin izan zuen Arri-ren jokalariek erakusten zuten partidaren kontrolarekin.
Hirugarren laurdenean partziala 14-21ekoa izan zen eta azken laurdenera 57-67 sartu zen Mondragon Unibertsitatea. Nafarrek saiatzen jarraitu zuten, baina defentsan, moreak, maisuki ibili ziren, eta nafarren lehen puntua laurdenaren bosgarren minutuan etorri zen. Pixkanaka, moreek aldea zabaltzea lortu zuten markagailuan, eta aurreikusi baino errazago menperatu zuten baita azken laurdena ere (10-16).
Hala, bost jardunaldiren faltan, eta Eguesek Santanderren galdu eta Zarautzek Goierriren aurka irabazi ondoren, orain kostaldeko taldea da MUtik porrot bakarrera jartzen dena, eta lidergoaren borrokan kontrario estuena bilakatu dena, izan ere, bi taldeen arteko berdinketa batek Zarautzi emango lioke tituloa, izan ere, basket average-a euren alde dute.
Datorren domekan kontrario gogorra izango da Iturripen, Durangoko Tabirako Baque. Asteburuan, esaterako, durangarrek 82-55 jipoitu dute Baskonia, beraz, match-ball berria izango dute arrasatearrek.