"Egiazko errelatoa" beharrezkotzat jo du Anduezak, Isaias Carrascori egindako omenaldian

Miren Arregi Amasorrain 2021ko mar. 7a, 13:44

ETAk hil eta hamairu urtera, "memoria gordetzen jarraitzearen" garrantzia azpimarratu du PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusi Eneko Anduezak, Isaias Carrascori egin zaion omenaldian. Ekitaldian parte hartu dute Carrascoren alargunak eta seme-alabek, baita lehendakariorde eta sozialisten buru Idoia Mendiak, Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaile orokorrak eta Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak.

Pandemiak eragindako "egoera onena ez bada ere", euskal gizartea "beste urte batzuetan baino hobeto" dagoela azaldu du Anduezak, "ETA ez dagoelako". Gipuzkoako idazkari nagusiak, ETAren eta GRAPOren 1.377 armak sinbolikoki suntsitzeko astean Madrilen egindako ekitaldia goraipatu du. 

Memoria eta egia aldarrikatu ditu

Memoriaz, egiaz eta bizikidetza eraikitzeko errelatoaz aritu da Andueza. Hala, memoria gordetzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, "memoria biktimekin eta senitartekoekin dugun zor bat" baita. "Memoriaren bitartez oroitzapenak iraungo du luzaroan eta oroitzapenak egingo du pertsona horrek bizirik jarraitzea. Eta bereziki, ezin dugu ahaztu zer gertatu den herri honetan hamarkada luzetan".

Hala, gertatu zenaren oroitzapen hori oinarrizko jotzen du bizikidetza eraikitzeko, eta "egian oinarritutakoa izango den errelato bat osatzeko". Eta gaineratu du: "Batzuek ahaztu gurako dute, batzuek gurako dute isiltasunez estali... baina hemen gauza oso larriak gertatu ziren. Hil egin gintuzten, estortsioa egin ziguten, jarraitu egin gintuzten, familiak suntsitu zituzten eta hori inoiz ezin da barkatu".

Hain zuzen, gertatu zenaren egia ere biktimen senitartekoekiko dagoen zor bat ere badela azaldu du Anduezak: "Izan ere, oraindik ere zer gertatu zen ez dakiten familia asko eta asko dago. Ez da Isaias Carrascoren kasua, izan ere kasu horretan badakigu zein den egia. Isaias hil zuten pertsona on bat izateagatik, nazionalista ez izateagatk, sozialista izateagatik eta zaurgarria izateagatik. Euskal sozialistok ez dugu inoiz ahaztuko gertatu zena eta horregatik exijitzen dugu egia". 

Hala, egia horren bitartez "justizia, memoria eta  egiazko errelato baten sorkuntza" aldarrikatu ditu, etorkizuneko belaunaldiendako bizikidetza bat eraikitzeko ezinbesteko baldintza gisa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak