Intujai antzerki taldeak sustatzen duen Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiak beste edizio bati ekin dio aurten, iazko arantza kentzeko indar betez. Izan ere, joan den urteko saioak aretoetatik etxeko itxialdira pasa ziren, halabeharrez, eta adin guztietako entzuleei ekitaldiak modu birtualean jarraitzera behartu. Aurten, zorionez, ez da halakorik pasako, mundu mailako ipuin kontalariak hasiak baitira Euskal Herrian barrena euren istorio eta pasadizoak lau haizetara zabaltzen.
Hori horrela, martxoaren 11n izango da egitarau horren lagin bat, Kulturaten, 19:00etan hasita, Ruben Martinez Santana ipuin kontalariaren eskutik. Iberoamerikako ahoz ahoko narrazioen mugimenduko aitzindarietakoa izan zen 80ko hamar-kadaren bukaeran, eta ondotxo ezagutzen ditu Iberiar penintsulako ipuin kontalarien zirkuituak, duela 20 urtetik bizi baita Bartzelonan. Besteak beste, konde-hirian antolatzen den Munt de Mots jaialdiaren zuzendaria da Martinez, eta lehenengo aldiz gonbidatu dute Ahoz aho jaialdian parte hartzera. Hala ere, ez zaio arrotza egingo datorren asteko egonaldia, Euskal Herrira ipuinak kontatzera etortzeko "plazera" eduki baitzuen iraganean.
Martinezek aipatu du "desiratzen" dagoela bere sormenetik ateratako istorioak publiko helduaren aurrean aurkezteko. Zeri buruz hitz egingo duen ez du oso argi, hala ere, emanaldian zehar sumatzen duen giroaren arabera erabakitzen baitu bide batetik edo bestetik jo: "Esperientziak lagundu egiten du publikora moldatzen eta inprobisazioari etekina ateratzen"