Maalako biribilgunean Ekobulebarra egiteko lanek "matxura handi samarra" eragin dute lur azpiko ubide batean, Arrasateko Ur Zerbitzuetatik abisatu dutenez. Era berean, auzuneetako zenbait bizilagunen deiak ere jaso dituzte, etxera urik heltzen ez zaiela edo presio baxuan jasotzen dutela adieraziz. Arrasateko Udalak jakitera eman duenez, "obretan gertatzen diren ezbehar batek eragin du matxura, 400 milimetroko diametrodun hodi garrantzitsu bat zulatzea eraginez".
Erantzun "azkarra"
8:45ean gertatu da istripua, eta Udaleko langileek Hotel Mondragonen dagoen giltzatik moztu dute ur hornidura 9:00etan. Kataide, Eroski, Musakolako Kiroldegia, Zarugalde eta Bizkaia etorbideak, Musakola, Santa Marina, Obenerreka, Jose Luis Iñarra eta Altamira auzuneei eragin die ur mozketa honek. 9:30ean Osinan dagoen Area 20ko zubiko giltza eta Udala biribilguneko giltza ireki dute, ur hornidura ahalbidetuz: "Hodi horren diametroak txikiagoak direnez, presio baxuagoarekin iristen zen ura etxeetara", adierazi du Ubarretxena alkateak.
Gaur matxuratutako hodiaren "behin behineko konponketa" egingo dutela adierazi du alkateak, ura berreskuratzeko helburuaz. "Behin betiko konponketa", berriz, 'Ekobulebar'-eko obren zuzendaritzarekin batera egingo dute, "gauetan zehar".
Herritarrei eskerrak eman dizkie alkateak "erakutsitako pazientziagatik".