ELA: "Onartezina da Aita Menniko langileek baldintza prekario hauetan jarraitzea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 25a, 21:19

ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Aita Menni ospitalearen atarian, Arrasateko Gesalibar auzoan, enpresaren "arduragabekeria sistematikoa" salatzeko: "Onartezina da Euskadiko osasun mentalaren alorreko ospitalerik garrantzitsuenean langileek baldintza prekario hauetan jarraitzea; jakinda, gainera, dagoeneko koronabirusari dagokionez hiru agerraldi pasa dituztela".

ELA sindikatuak salatu du, besteak beste, Aita Menniko langileek ez dutela lan hitzarmena berritu 2017a ezkero: "Pertsonal falta arazo larriak daude, langileek sekulako lan kargak dituzte eta bertako prekarietatea nabarmena da. ELAtik hamaika izan dira honi erantzun eta konponbidea emateko saiakerak, baina enpresak euren interes ekonomikoei begiratzen jarraitzen du, langileen baldintzen eta pazienteen zaintzaren kalitateari begiratu aurretik. Lan osasunari dagokionez ere, behin eta berriz salatu dugu enpresak pandemiaren aurrean izaten ari den kudeaketa txarra. Ezin dugu ontzat eman, 500 langileko enpresa batean, enpresa batzordea egunak joan eta eguna etorri enpresaren gainean egotea enpresak arazoei konponbidea emateko. Ez dituzte protokoloak langileekin konpartitzen, eta langileei zuzenean eragiten dizkioten gaien berri kanpotik izaten du enpresa batzordeak. Enpresa batzordeko ekidin nahi dituzte eta horrenbestez, errespetua faltatzen ari dira langile guztiei".

Aita Menniko zuzendaritzak langileak gutxiesten dituela salatu du ELAk: "Gogorarazi nahi dugu irabazi asmorik gabekoa deritzon enpresa hau ospitale bat dela, gaixotasun eta ezgaitasun mentalaren arloan oso garrantzitsua eta milioi bat euroko irabaziak izan ohi dituela urtean. Premiazkoa da prekarietatearen zabalkunde honi amaiera ematea eta bertako pazienteei merezitako asistentzia ematea, ahalik eta azkarren. Posible da, baina borondatea falta da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak