Jose Ramon Goikoetxea hil da, kooperatibagintzan ibilbide oparoa izandako gizona

Mirari Altube Arrese 2021ko ots. 22a, 14:40

Jose Ramon Goikoetxea (eskuinean lehenengoa) Mondragon Unibertsitateak antolatutako ekitaldi batean, 2012an, besteak beste, Josu Zabala eta Bixente Atxa alboan dituela.

Mondragon Korporazioko lehendakariorde eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lehendakari izandako Jose Ramon Goikoetxea Madinabeitia Goiko egubakoitzean, otsailaren 19an, hil zen 72 urte zituela. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko lehendakariordea zen gaur egun.

Arrasaten jaioa, Industria Peritutzako ikasketak egin zituen Tarragonan, eta ondoren, Arrasateko Eskola Politeknikoko ingeniari teknikoen lehen promozioko kide izan zen. Ikasketak bukatutakoan Ulgorren hasi zen lanean. Orduantxe sartu zen kooperatiben munduan eta ibilbide luzea eta oparoa egin zuen.

Ularco-ko Ingeniaritza Zerbitzuan sartu zen –ondoren, Ulmatic izango zena–, eta proiektu horren buru izan zen kooperatibako zuzendari kudeatzaile izendatu zuten arte. Goiko izan zen Uldata desagertuaren sail batzuen integrazio-prozesuaren eta Fagor Automationen muntaia-negozioaren buru, Fagor Sistemak sortzeko. Kooperatiba horretatik Mondragon Assembly eta Mondragon Sistemas de Informacion jaio ziren, hainbat desintegrazio prozesuren ondoren. Goikoetxea izan zen Fagorren eta LKSn kooperatiba berriak sustatzeko egitura berrien batasunaren bultzatzaileetako bat.

Ondoren, Mondragon Korporazioko Ekipo Ondasunen Dibisioaren barruan, Ingeniaritza eta Aholkularitza Elkartearen eraketa gidatu zuen (AIC) ─gaur egungo Mondragon Ingeniaritza eta Zerbitzuen Dibisioaren hazia (MISE)─, eta horko zuzendari nagusia izan zen. Ekipo Ondasunen Dibisioko lehendakariorde izendatu zuten gerora, eta ondorioz, Mondragon Korporazioko kontseilu orokorreko eta Industria Kontseiluko kide bihurtu zen.

2007an, Jose Mari Aldekoa Korporazioko lehendakari izendatu zutenean, Goikok Automobilgintza Dibisioko lehendakariorde kargua bete zuen, 2013an erretiroa hartu zuen arte.

Goi Eskola Politeknikoko lehendakaria

Ezagutzaren alorrean, 1997an Mondragon Unibertsitatea eratu ondoren, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lehendakaria izan zen Goikoetxea eta, horregatik, MUko Kontseilu Errektoreko kide.

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko parte ere izan zen 2009az geroztik. 2015eko Batzar Nagusian Zuzendaritza Batzordeko kide hautatu zuten, eta 2017an lehendakariorde; gaur egun, postu horretan ziharduen. "Goiko lankide bikaina izan da, konprometitua, berezko zeukan umore fin horrekin. Ezagutu dugunok ez dugu inoiz ahaztuko", adierazi dute Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartekoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak