1986an Margaret Atwood idazleak kaleratutako The Handmaid's Tale nobela itzuli du Txalaparta argitaletxearekin elkarlanean Zigor Garro itzultzaile errenteriarrak. Emaitza bihar aurkeztuko du, gaztetxean, eguerdiko hamabietan. Liburuaren gaiagatik galdetuta, "gizadia antzutu duen natalitate krisi batetik abiatzen da kontaketa, non estatu-kolpe baten bitartez gobernua emakumeen erreproduzitzeko gaitasunaren jabe egiten den", azaldu du Garrok.
Askok nobela berean oinarritutako sailagatik ezagutuko dute kontaketaren mamia. Dena den, egokitzapen horrek liburuarekiko desberdintasunak azaleratzen dituela aipatu du itzultzaileak: "June protagonistak muturreko egoerak bizi ditu kontakizunean, eta idatzizkoan umore eta ironia puntu batekin deskribatzen ditu lehen pertsonan; ikus-entzunezkoan, galdu egiten da ikuspuntu hori".
Idazleak euskal itzulpengintzan dagoen "hutsunea" nabarmendu du, euskarara itzultzeko hiztegien falta eta salmenta baxuengatik.