Asteburuan Madrilen egingo duten Espainiako Txapelketa barruan, domekan izango da pertika-jauzilarien txanda. Eta emakumezkoen artean Malen Ruiz de Azua izango da faboritoetako bat (11:00, Teledeporte). Maialen Axpe ere faboritoen taldean egon ohi da, baina azken urteotan Iruñean bizi eta entrenatzen den atletak muzin egin dio pista estaliko denboraldiari, eta aire zabaleko denboraldia prestatuko duela adierazi dio GOIENAri: "Bizkarrean arazo txiki batzuekin ibili naiz, baina ia-ia osatuta nago; horrenbestez, dagoeneko aire zabaleko denboraldira begira nago".
Hala, Ruiz de Azua zapatuan abiatuko da Jonathan Perez entrenatzailearekin batera Madrilera, neguko hitzordu garrantzitsuenera: "Xarma gutxiko asteburuak izaten dira, nahiko monotonoak. Lagunek ere galdetzen didate ea halako txapelketetara joaten garenean beste zerbait egiteko aprobetxatzen dugun... Eta, azken hilabeteotan ditugun mugikortasun neurri zorrotzengatik, ez litzateke aukera txarra izango, baina ez. Zapatu goizean entrenamendu saio txiki bat eginda abiatuko gara Madrilera. Eta, halakoetan egin ohi dugun moduan, hoteletik kirol instalazioetara eta buelta etxera, ez dugu besterik egiten".
Pronostikoak egitea, zaila
Hala, domekara begira arrasatearrak aitortu du ez dakiela ondo zer etor daitekeen. "Ezjakintasun puntua daukat; egia da duela bi aste Euskadiko Txapelketan marka pertsonala egin nuela (4,41), eta horrek erakusten du fisikoki ondo nagoela, baina kontziente naiz denboraldian zehar erregulartasuna falta izan zaidala. Iaz, esaterako, Espainiako Txapelketan 4,30eko saltoa egin nuen, baina aurreko txapelketetan ere marka horren bueltan ibili nintzen".
Arrasatekoari falta izan zaion erregulartasuna erakutsi du, esaterako, rankingean lehenengo dagoen Andrea San Jose madrildarrak (4,42): "Iazko aire zabaleko txapelduna da, eta zaila izango da hark kale egitea, oso erregular dabil pista estaliko denboraldian. Hura eta Miren Bartolome nafarra (4,31) izango dira kontrario gogorrenak". Eta, borroka horretan, arrasatearrak dominari baino gehiago, markari emango dio garrantzia. "Nik 4,45eko saltoa egiten badut eta, hala ere, bigarren geratzen banaiz, pozik itzuliko naiz". Eta txapelketa txarra egiten badu... "Autoan isilik bueltatuko gara Jonathan eta biok, edo marmarka... Kar, kar, kar...".
Teknikoki duen zaitasuna
Kirolean ez dira diziplina asko egongo pertika-jauzia besteko teknikoak, eta horrek emaitza ona lortzearen ekuazioari zailtasuna gehitzen dio: "Batzuetan, berotze ariketak egiten zabiltzala konturatzen zara fisikoki zein ondo zauden. Ondoren, baina, saltoak egiten hasten zara eta, batzuetan, gertatzen da asmatu ezinka ibiltzen garela. Akats txikienak eragin galanta dauka azken emaitzan. Eta hiru saiakera baino ez ditugu izaten. Horregatik, poliki-poliki, saltoz salto, zentimetroz zentimetro joango gara".
Dagoeneko, atleta beterano
Arrasateko atletak 25 urte baino ez ditu, eta dagoeneko beteranoen multzoan sar genezake: "Jonathanek adarra jotzen dit horrekin, atleten artean zaharrena naizela esanez... Kar, kar, kar. Eta 25 urte baino ez ditut! Egia da, baina, atzetik oso-oso atleta gazteak datozela. Bada, pertikajauzian jarduten duen atleta baten momentu gorena 27 eta 30 urte bitartean izaten da, gutxi gorabehera. Nik, oraindik, badut tartea hobetzen joateko, esperientzia hartzeko, baina egia da pertika-jauzia bizitzaren gainontzeko arloekin bateragarri egin behar dela: lanarekin, aisialdiarekin... Oreka aurkitzea ezinbestekoa da".
Eneko Carrascalek ere podiumean egoteko aukerak ditu domekan
Joan den asteburuan jokatu zuten Espainiako 23 urtez azpiko txapelketa, Valentzian, eta Eneko Carrascalek urrea jantzi zuen salto hirukoitzean, eta marka pertsonala egin zuen, gainera (15,94). Hala, arrasatearra 16 metroko langa gainditzetik geroago eta gertuago dago. Hala, atseden hartzeko tarte handi barik, asteburuan Madrilen izango da Realeko atleta gaztea, baina, oraingoan, txapelketa absolutuan hartuko du esku. Eta, adinez gaztea bada ere, kategoria absolutuan ere dominen borrokan ibiltzeko hautagaietako bat da. Izan ere, pista estaliko denboraldian, oraingoz, Madrilgo Marcos Ruizek egin du markarik onena (16,60), Bartzelonako Ramon Adaliak du bigarren markarik onena (16,09) eta arrasatearra da hirugarren marka onena duen gizona (15,94). Domeka eguerdian izango da salto hirukoitzekoen txanda.