11 urterekin, hamaika istorio kontatzeko urratsak ematen

Hasier Larrea 2021ko ots. 14a, 13:47

Andoni Osinalde egilea, eskuinean, anaiaren eta amaren konpainian.

Andoni osinalde gazteak 'Las aventuras de Stran' izeneko ipuina argitaratu du: "Askoren artean, lehena".

Haurtzaroaren eta gaztaroaren arteko adin horiek izaten dira norbere imajinazioa zukutzeko garairik onentsuenak, eta bada herrian sekulako etekina ateratzen dionik, Andoni Osinalde 11 urteko arrasatearrak berriki argitaratu baitu Las aventuras de Stran. Un chico diferente izeneko ipuina. Gazteleraz idatzita badago ere, lehen zirriborroak euskaraz idatzi zituela aipatu du Zuriñe Altubek, egilearen amak: "Konturatu nintzen Stra-nen abenturak neska-mutil gehiagorengana iristeko erabaki zuela gazteleraz idaztea, eta uste dut horretan eragina izan zuela itxialdian ikusi genuen Jordi Sierra i Fabra idazlearen konferentzia batek, bullying-ari eta idaztearen jardunari buruzkoa".

Liburuak jaso ditu lehen kritikak, "positiboak", oro har. Hala ere, ez dirudi Osinalderen sormen lan bakarra izango denik: "Dagoeneko zortzi istorio inguru dauzka buruan, bigarren ipuina amaituta dauka eta hirugarrena bukatzen dabil", dio idazlearen amak. Alea eskuratu nahi duenak ipuinaren izen bera daraman webgunera jo dezake: "Apropos sortu genuen webgunea, jabetzeko arrakasta ez datorrela idaztetik bakarrik; lan gehiago egin behar da proiektua ezagutarazteko, eta asko ikasi dugu".

Proiektu "familiarra"

Idazle gaztea ez da bakarrik egon bere abentura literarioan murgiltzerakoan, alboan izan baititu Eki anaia eta Jon Arbizu laguna. "Ikastolan jolasten sortu zuten bi lagunek Stran izeneko superheroia, eta etxeko Playmobil jostailu artean bururatu zitzaizkien anaiari eta biei ipuinerako mundu eta pertsonaia berriak", argitu du Altubek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak