Arrasate Musikaleko kideek ikuskizuna eskainiko dute gaur, 18:30ean hasita, Amaia antzokian. Egoera arruntean Aratusteen bueltan ematen duten urteroko kontzertua izan beharko lukeen arren, aurtengoak ez du mozorro eta jai kutsurik izango. Hala ere, ikusleak alaitzeko kantu mordoxka joko dituzte: QUASAR, Aske bizi, Thriller, Island in the sun, Popcorn pizza, Txuri Urdin eta Galtzaundi, besteak beste. Zehazki, 70 musikari igoko dira oholtzara; zazpi talde, guztira: Jurasiko's, Junior's, Senior's, Izan Suzuki, Haize Egur taldea, Metal taldea eta Banda taldea.
Amaia antzokiak gaur egun eskaintzen dituen 255 eserlekuetatik 200 inguru protagonistek eta euren gonbidapena duten ikusleek beteko dituzte. Gainontzekoak leihatilan banatuko dira, dohainik, kontzertua hasi baino ordubete lehenago.