Abonatu kopuruak behera eta prezioak bere horretan, Musakolako kiroldegian

Hasier Larrea 2021ko ots. 8a, 14:40

2020ko datuekin alderatuta, %47,5 jaitsi da 2021eko kiroldegiko abonatuen kopurua Arrasaten, "Gipuzkoan eman den joeraren antzera", Ander Garay zinegotziak adierazi duenez. Otsailaren 15ean ekingo diete umeei zuzendutako igeriketa ikastaroei, eta hilaren 22tik 26ra bitartean egingo dituzte Musakolako jarduera gidatuetan parte hartzeko ate irekiak.

Iazko urtearen balantzea eta aurtengoari begirako kirol eskaintza errepasatu dute gaur Musakolako kiroldegian Ander Garay  kirol zinegotziak eta Aitziber Muñoz kirol teknikariak. Instalazioetan eta protokoloetan COVID-19ari aurre egiteko neurriak aintzat hartuta, etendako ikastaro eta zerbitzu batzuk berraktibatu dituztela adierazi dute prentsaurrekoan, igerilekuarekin loturikoak, adibidez.

Igerilekuko ikastaroak, datorren astetik aurrera

Izan ere, barruko igerilekua zabalik dago otsailaren 6az geroztik, urtarrilaren 26an ekin zitzaielarik haizeak eraitsitako beiratea berrezartzeko lanei. Hori horrela, otsailaren 15ean emango diete hasiera jadanik izena eman duten umeei zuzendutako igerian egiteko ikastaroei; izen emate berriei edota zapaburuei (0-4 urte) zuzendutako ikastaroak, berriz, martxoan hasiko dira.

Garayk eta Muñozek gogoratu dute "adi egon beharko dutela ekainean ikastaro hauetan izena eman zuten gurasoek, izan ere, egun hauetan SMS bidez informatuko zaie ikastaroaren inguruko antolamenduari buruz ,eta epemuga bat izango dute izen ematea mantendu edota bertan behera uzteko". Gurasoren batek SMS-rik jasotzen ez badu, kiroldegira deitzeko aukera izango du informazioa izateko.

4.906 abonatutik 2.588ra

"Osasun egoera kontrolpean mantentzeko neurriak eta pandemiak eragindako ziurgabetasuna" direla eta, Arrasaten %47,25 jaitsi da 2021ean Musakolako kiroldegiko abonatuen kopurua, 2020ko datuekin alderatuta.

Urteko Plus abonuan eman da jaitsiera handiena, 2.121 abonatutik 957ra; hileko Plus abonua 585 bazkide izatetik 375 izatera pasa da; Abonu hezea, 1.589tik 881era, eta abonu lehorra, berriz, 611 bazkidetik 375era. Kiroldegiko ikastaroek ere behera egin dute: Egoitek zerbitzua jasotzen zuten ikasleak 809 izatetik 190 izatera pasa dira.

72 ikastarotatik, 26 martxan

Musakolako jarduera gidatuen ate irekiak  otsailaren 22tik 26ra bitartean egingo dira. Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, "arrasatearrek aukera izango dute dohainik nahi duten ikastaroan izena eman eta egun batez probatzeko".

Konkretuki pilates, yoga, body balance, zunba, spining, spining-pump eta k-strech modalitateekin lotutako ikastaroak eskaintzen ditu Musakolako kiroldegiak, k-strech, aurtengo ikasturteko nobedade nagusia izan delarik -orain arte Uarkapen baino ez zen eskaintzen-. Bertan hamaka berezi batzuen bitartez gorputzeko atal desberdinen luzaketak lantzen dira.

2020an 29 ikastaro eskaini ziren guztira eta 240 ikaslek hartu zuten parte. Ikasturte hasieran 72 ikastaro ematen zituzten Musakolako kiroldegiak, nahiz eta horietatik 26 baino ez dauden martxan oraingoz.

Prezioen igoerarik ez 2021ean

Udalak 2021ean abonuen prezioak bere horretan mantenduko dituela adierazi du. Ondorioz,  arrasatearrentzako urteko abonu Plusa, helduen kasuan, 210,60 eurokoa izango da, gazteentzako 125,50 eurokoa eta familiarra 336,10 eurokoa. Hilekoa, berriz, helduentzako 20,20 eurokoa, gazteentzako 12,10 eurokoa eta familiarra 32,20 eurokoa, hurrenez-hurren. Eremu lehorra eta hezea bereiziz, igerilekuko urteko bonuak 140,30 euroko prezioa izango du helduentzat, 83,60 eurokoa gaztetxoentzat eta 224 eurokoa bonu familiarrari dagokionez. Lehorrean prezioak berberak izango dira.  Azkenik, udako abonuak 70,10 euroko prezioa izango du helduentzat, 41,70 eurokoa gaztetxoentzat eta 112 eurokoa familientzat.

Abonuen itzulerak lau hilabetetan

Pandemiak zerbitzuan eragindako aldaketak eta eragozpenak medio, Udalak abonuen itzulerak egin zituen martxoa eta maiatza arteko konfinamendu garaian, eta baita, abendua eta urtarrilean ere, Musakolako igerileku zerbitzua etenda egon den garaian.

Ander Garay Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, "Udalak pandemiaren bilakaerarekin sor daitezkeen neurri berrietara egokitzen jarraituko du, betiere, Musakolako kiroldegiko erabiltzaileen segurtasuna lehenetsiz eta ahalik eta eragozpen gutxien eragiten saiatuz". Aintzane Muñozek konfiantza mezua helarazi nahi izan die: "Kiroldegian segurtasun neurri oro bermatua dago eta garbiketa eta desinfekzio lanak egoerari erantzuteko egokituak daude".

Alderdi sozialistak, herritarrei deia

Victor Fuentes PSEko idazkariak ere herritarrak eta bereziki iazko erabiltzaileak kiroldegira gerturatzera animatu ditu, toki segurua, garbia eta kontrolatua dela argudiatuz. Kiroldegietan oso kutsatze gutxi ematen direla ere aipatu du: "Europa mailan eginiko ikerketa baten arabera, 100.000 bisitetatik bakarra". 

Erlazionatuak

Ireki dute Musakolako igerilekua

Eneko Azurmendi 2021 ots 06 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak