Aratusteen faltan, Arrasate Musikalek 'Taldeen kontzertua' eskainiko du hilaren 12an

Hasier Larrea 2021ko ots. 5a, 11:09

Urteroko emanaldi esanguratsuak moldatzen dabil herriko musika eskola. Santa Ageda egunari keinu egin zioten bezala,  Aratusteei ere omenaldia egingo diete musikari gazteek Amaian, mozorrorik jantzi gabe bada ere.

Pandemiak galarazi egingo du Arrasate Musikaleko kideek Aratusteetan mozorroturik eman ohi duten kontzertua, baina egungo egoerara moldatutako emanaldia eskainiko dute Amaia antzokian elkarteko zazpi taldek: Jurasiko's, Junior's, Senior's, Izan Suzuki, Haize Egur taldea, Metal taldea eta Banda taldea igoko dira oholtzara, zehazki.

Hilaren 12an izango da kontzertua, 18:30ean hasita. Elkarteko kide Edorta Aiastuik aurreratu duenez, "musikariak, oihalaren beste aldean itxaron ordez, butaketan jarrita egongo dira, harik eta oholtzara igotzen diren arte". Taldeen kontzertua deitu diote ikuskizun horri, Aratusteekin inolako loturarik izan ez dezan.

Musikari bakoitzari bi gonbidapen banatu dizkiete Arrasate Musikalekoek, "behintzat gurasoak aukera izan dezaten beraien seme-alabak ikusteko". Gainontzeko sarrerak kontzertuko egun berean jarriko dira  Amaia Antzokiko leihatilan, 17:30etatik aurrera, agortu arte. Sarrera dohainekoa da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak