"Gauero lotara joaten garenean ametsen mundura igarotzean gertatzen zaiguna" kontatuko du, berezko zertzelada umoretsuez, Gorka Ganso clown eta komikilariak bihar arratsaldean, 17:00etan hasita, Amaia antzokian. Zuzenean jotzen duen pianista batek lagunduko dio Gansori, gainera, "gaueko mamuen aurkako borroka" azaltzen.
Ganso & Cia konpainiaren esanetan, "kontakizun samur eta dibertigarria" osatu du komikoak, "musika eta keinua" elementu nagusitzat hartuta. Ekoizpen handietan ez bezala, euren obretan "korrontearen kontra aritzea" lehenesten dutela ere aipatu dute konpainiatik, "arimarik gabe ezinezkoa izango litzatekeen artisau lana" eginez horrela. Umorea baloratzen duten haur, gazte eta helduentzat, "gutxiengo handiarentzat", erabat gomendagarria den antzezlana dela gaineratu dute.
Konpainia Aste Santuaren bueltan egiten den Topaclown clown artisten topaketako sustatzaileetako bat ere bada.