Bellisimo izeneko ikuskizuna da Zirku italiarrak Arrasatera ekarri duena. Guztira 32 artista arituko dira karpan, bi orduko emanaldia eskaintzen, eta askotariko teknikak ikusi ahal izango dira: uztai esekiak, trapezioak, jauziak, oreka, magia, monozikloak, indar-erakustaldiak, abiadura- eta hegaldi-ikuskizunak, kontortsioak… Gainera, gonbidatu bereziak ekarri dituzte: Euskal Herrian ezagunak diren Txirri , Mirri eta Txiribiton pailazoak.
Gaur, hilak 29, arratsaldeko 18:00etan izango da lehenengo emankizuna. Bihar berriz, bi egingo dituzte: 12:00etan eta 17:00etan. Eta bukatzeko, domekan, hilak 31, 12:00etan egingo dute azken pasea. Dena den, bertaratzerik ez dutenentzat, emanaldiak zuzenean webgunean ikusteko aukera eman dute.