Aditz laguntzaileak eta trinkoak, esku-eskura

Xabi Gorostidi 2021ko ots. 1a, 09:06
Saioa Irastortza eta Oskar Elizburu, mugikorrarekin, aplikazioa erakusten.

Adizkinator izeneko mugikorrerako aplikazioa garatu du Ander Herranz euskara irakasleak, aditzak menperatzen ez dituzten hiztunei bidea errazteko. Bailarako irakasleek jada probatu dute eta diote "oso praktikoa eta erabilerraza" dela.

Aditz laguntzaileak eta trinkoak ez menderatzea ezin daiteke aurrerantzean euskaraz egitera ez ausartzeko aitzakia izan. Zergatik? Arazo horri irtenbidea emateko aplikazio bat sortu berri baitu Ander Herranz euskara irakasleak. Uribe Kostako AEKn egiten du lan, eta honela azaldu du zerk bultzatuta hasi zen aplikazioa sortzen: "Ikasleek taulen bidez ikasten dituzte aditzak. Baina asko dira, astunak dira, askotan ez ditugu eskura izaten... Aditzak bilatzeko prozesua arintzea da helburu nagusia, eta baita une oro eskura izateko erreminta bat sortzea".

Pozik dago orain arte lortutako emaitzekin: "Ongi edo gaizki, baina garrantzitsuena da euskaraz ikasten ari dena euskaraz egiten ausartu dadila. Aditzak ondo esateko zailtasunak izaten dituzte, eta blokeo une horiek gainditzen lagundu dezake aplikazioak. Egia esan, elkarrizketa baten erdian mugikorra ateratzea eta bilaketa egitea ez da oso naturala; baina, tira... ikasleei baliagarri egiten bazaie, ni pozik. Orain arte erabili dutenek esan didate oso erabilgarri egin zaiela; beraz, feedback onak jaso ditut. Esan dezaket aplikazioa erabilgarria sortzea lortu dudala, eta ahaleginak merezi izan duela".

"Aditza ez badakizu, segundo gutxiren kabuan zuk zeuk aurkitzeko bidea ematen dizu"

Uda partean hasi zen aplikazioa sortzen, eta horretan aritu da azken hilabeteetan. "Hasierako asmoa zen aditz laguntzaileak soilik sartzea, eta nahiko azkar egin nuen. Baina segituan konturatu nintzen horrekin bakarrik ez zuela askorako balio izango. Beraz, aditz trinkoak sartzea erabaki nuen; ostean, hika erakoak ere... Eta horrek lan gehiago ekarri zuen".

Funtzionamendu erraza

Aplikazioa Google Play Store-n deskargatu daiteke, doan, gainera; Apple etxeko gailuentzako, berriz, ez dago eskuragarri, oraingoz. Behin deskargatuta, bi aukera dituzte erabiltzaileek: aditza jokatu edo adizkia bilatu. Hala, Euskaltzaindiak euskara baturako onartu dituen adizki laguntzaile eta trinko guztien modu neutroak ez ezik, hikako forma alokutiboak ere eskaintzen ditu aplikazioak.

Irakasleen oniritzia

Bailarako bi euskara irakasleren atea jo du GOIENAk, aplikazio berri horri buruz zein iritzi duten jakiteko, eta biei interesgarria iruditu zaie ikasleekin erabiltzeko.

"Egia esan, oso praktikoa iruditu zait. Oso azkarra da, oso erosoa eta oso sinplea. Oso garrantzitsua da hori, batez ere, teknologia berrietara oso ohituta ez dauden horiek erabil dezaten. Aditzaren atzean dauden gakoak identifikatzeko balio du: nork, nori, aditz denborak... eta baita kontrakoa ere. Gakoak jakin bai baina aditza ez badakizu, segundo gutxiren kabuan zuk zeuk aurkitzeko bidea ematen dizu", adierazi du Arrasateko Udal Euskaltegiko irakasle Saioa Irastortzak.

"Aditza zein den bilatzea berehalakoan egin ahal izatea abantaila bat da. Lehenaldia, nor-nork, subjuntiboa... forma batzuk menderatzea ez da erraza ikasleentzat, eta honek bide hori errazten die. Aditzen taulak paperezko euskarrian ematen dizkiegu gure ikasleei, eta ikuste hutsarekin beldurtu egiten dira, asko direlako; beraz, ikasteko beste euskarri bat dakar honek. Badaukat asmoa ikasleei gomendatzeko", adierazi du AEKko irakasle Oskar Elizburuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak