60 gaztek jaso dute alokairua ordaintzeko dirulaguntza 2020an

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 26a, 16:38

Arrasateko Udalak 66.610,06 euroko inbertsioa egin du 2020an 18 eta 35 urte arteko gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko. Laguntza hauen helburua gazteen emantzipazioa erraztea da eta, aurreko urteekin alderatuta, eskaera kopuruak nabarmen egin du gora 2020an. 68 eskaera jaso ditu Udalak eta horietatik 60 onartu.

Eskaera horietatik, Udalak adierazi duenez, 24 eskatzailek aurrez ere laguntza hau jasotzen zuten. Era berean, 36 eskaera berri egon dira eta 8 ukatu egin dituzte, "onuradun izateko baldintzak ez betetzeagatik". Halaber, eskaera egin dutenetatik 40 dira emakumezkoak eta 28, gizonezkoak.

Eskaera motaren arabera, 51 norbanakoak dira –%75–; bizikidetza unitateak, berriz, 17 dira –%25–. Adinari erreparatuz, bestalde, 26-30 urtekoak dira gehienak –%60,29–; 18-25 urte bitartekoak %20,59 dira eta 31-35 artekoak, %19,12.

2017an hasi zen Arrasateko Udala laguntza hauek herritarren eskura jartzen eta urtero 45-55 eskaera artean jaso izan ditu. Beraz, hazkunde nabarmena izan du 2020an eskaera kopuruak.

Aurten jarraipena izango dute laguntzek

Maitane Muñoz zinegotziak nabarmendu du Udalak jarraipena emango diola dirulaguntza lerro honi 2021ean: "Udal Gobernuak horrelako laguntzen alde egiten duen apustua irmoa da. Gazteek etxebizitza bat eskuratu ahal izatea ezinbesteko urratsa da beren bizi-proiektua garatzeko. Erraztasunak ematen jarraitzea dugu helburu, bereziki herri honen etorkizuna direnei, herrian bertan bizi daitezen".

Modu horretan, eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarteko adina izateaz gain, "Arrasaten erroldatuta egon behar dute azken hiru urteetan etenik gabe, edo etenekin gutxienez 10 urtetan". Halaber, ezin dute etxebizitzaren jabetzarik izan, "ez eskatzaileak ezta bizikidetza unitateko kideetako inork".

Beste baldintzetako bat da alokatutako etxebizitzan bizi diren pertsona guztiak bertan erroldatu behar direla, eta honakoak izan daitezke eskatzailearen diru sarrerak gehienez: 29.000 euro gordin urtean, eskatzailea norbanakoa bada, eta 40.000 euro gordin urtean, eskatzailea bizikidetza unitate bat bada.

Udalak azaldu duenez, gainera, etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezke onuradun, "denek sinatzen badute alokairu kontratua eta baldintzak betetzen badituzte". Baina onuradun guztiek eguneratuta izan beharko dute Arrasateko Udaleko zerga, tasa eta zehapenen ordainketa.

Diru sarrerei dagokienez, ezin izango da urtean 600 eurotik gorakoa izan kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordinen zenbatekoa. "Azkenik, ezin izango da familia loturarik izan onuradunen eta errentatzailearen artean".

Gutxienez urtebeteko iraupeneko kontratua

Alokairu kontratuak gutxienez hamabi hilabeteko iraupena izan beharko du eta etxebizitza alokairuaren prezioa gehienez hileko 650 eurokoa izango da, eranskinak barne. "Halaber, alokairutik edo diruz lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo geldituko dira garaje, komunitate eta administrazioko gastuei dagozkienak, eta alokairuko hileko kuotatik 30 euroko zenbateko finko bat kenduko da gastu horiengatik, alokairu kontratuan sartuta badaude eta ez bada aurkezten horietako bakoitzaren hileko kostuaren berariazko justifikaziorik".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak