Emakumeen jabetze pertsonal eta kolektiboa sustatzeko, 18 ikastaro

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 26a, 09:48

Arrasateko Emakume Txokoak 18 ikastaro antolatu ditu otsailetik maiatzera, "emakumeak euren eskubideen jabe egitea eta elkarren arteko sareak sortzea" helburu hartuta. Izen-ematea otsailaren 1etik 5era izango da, Emakume Txokoan aurrez aurre, 943 79 41 39 telefonora deituta edo 618 206 233 zenbakira Whatsapp bat bidaliz.

Udalak adierazi duenez, "errealitatearen inguruan ikuspegi feministatik hausnartu eta eragiteko", prestakuntza da Jabetze Eskolaren ardatz nagusietakoa. "Horretarako, lanketa pertsonal zein kolektiboa uztartzen dituen jarduera sorta antolatu du Emakume Txokoak".

Ikastaroek, hiru lan-ildo 

Hiru lan ildo nagusi jorratuko dituzte ikastaro berrietan: osasuna eta gorputza; aisialdia, kultura eta sormena eta feminismoa(k).

Lehenengoari dagokionez, honakoak dira antolatutako ikastaroak: boxeoa, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, Chi Kung, zaindu zure gorputza; osasuna, zaintza emozionala eta jabetzea, gure gorputzak despatriarkalizatuz, eta doluan laguntzeko tailerra.

Aisialdia, kultura eta sormenaren arloan, berriz, bost ikastaro antolatu dituzte: antzerki tailerra, sare eta teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa, eguneroko finantzak kudeatzeko ikastaroa, alpargata tailerra eta mendian ere geure buruaren jabe ikastaroa.

Feminismoa(k) lan ildoaren baitan, azkenik, hauek: eztabaida feministak (terapia versus politika), feminismoa guztiontzat, genero ondoezak eta emakumeen aurkako indarkeria, irakurketa feministen txokoa, topalekua emakume migratuentzat (hainbat tailer eskainiko dira gune honetan), eta Bidez Bide elkartearen bidez aholkularitza eskainiko da emakume atzerritarrentzat titulu homologazioari buruz.

Bestelako saioak ere bai

Hiru ildo horiez gain, hainbat ekimen antolatu ditu Emakume Txokoak berdintasuna sustatu eta eztabaida feministak kaleratzeko helburuarekin: bertso saioa, erakusketak, dokumentalen emanaldiak, hitzaldiak, kabareta eta abar. "Emakume Txokoak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu parte hartzera".

Izena emateko, hainbat bide

Otsailaren 1etik 5era eman daiteke izena ikastaroetan. Batetik, Emakume Txokoan aurrez aurre, astelehenetik eguenera 10:30-13:30 eta 15:00-18:00 eta egubakoitzetan 10:00-14:00. Bestetik, 943 79 41 39 telefonora deituta edo 618 206 233 zenbakira Whatsapp bat bidaliz. "Otsailaren 8tik 12ra bitarte jakinarazi beharko da ikastaroetan parte hartuko den ala ez".

Ikastaro batzuk doakoak izango dira eta  beste batzuk, ordainpekoak. Era berean, Udalak azaldu duenez, Jabetze Eskolak elkar zaintza eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditu.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak