Batzar Orokorraren ekitaldia aurrez aurre eta era telematikoan jarraitzeko aukera izan dute bazkideek. Balantzeari erreparatuta, 2020an, zazpi enpresa-jarduera berri sartu dira PTGaraian (DosSetenta, Erabat, Generali, Mikros, SILO, BerEKIN eta B-Lokal) eta horiei beste bi enpresa berri batu zaizkie 2021ean (A+G, Prakagorri). Bestetik, Idurre Albizu Garaiako Negozio Garapeneko arduradunaren arabera, 239 ekitaldi egin dituzte (aurrez aurrekoak, telematikoak eta hibridoak) eta 7.800 lagunek parte hartu dute horietan.
"PTGaraiak ekintzailetza eta berrikuntza sustatzen jarraitzen du, sareen eta enpresen arteko lankidetzaren bidez, Debagoienarentzat garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra eta kalitatezkoa lortzeko helburuarekin", azaldu du Albizuk. Hala, aurten ere, ekitaldietarako espazio guztiak formatu hibridora egokitu eta areto eta lan-espazio berriak prestatuko dituztela aurreratu du.