Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertu ahal izateko ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak dira Irakurketa Errazeko materialak. Horietan murgiltzeko gaztelerazko eskaintza eskainiko du beste urte batez Arrasateko Udal Bibliotekak, Club de Lectura Facil delako proiektuaren baitan. Bertan izena eman nahi duenak lotura honetan bete ditzake datuak.
Saioak Blanca Matak gidatuko ditu, otsailaren 10ean eta 24en, eta martxoaren 10ean eta 24an, 18:00etatik 19:30eara. Bertan taldeko partaideek liburu bat irakurriko dute elkarrekin, "irakurketaz gozatzeko, irakurtzeko trebetasuna lortzeko eta komunikatzeko espazio bat sortzeko" helburuarekin. Biblioteka arduratuko da partaide guztientzako liburuak lortzeaz.
Populazioaren %30ak dauzka irakurtzeko zailtasunak
Pertsona batek kausa askogatik eduki ditzake irakurtzeko zailtasunak; Bibliotekaren arabera, ohitura faltagatik, etorkina izateagatik, irakurketan berandu hasteagatik, eskolatze urrikoa izateagatik, ikasteko arazoak edukitzeagatik edo ezgaitasun intelektualagatik, besteak beste. Irakurtzen ondo jakitea onuragarria dela deritzo, "irakurketarako sarbidea behar soziala eta eskubidea izateaz gain, gozamena ere badelako, ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea baimentzen dituen heinean".
Liburuen eskaintza
Irakurketa Errazeko liburuak eskuratu nahi dituenak, Udal Bibliotekaren eskaintzara jo dezake, edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarera.