Jose Manzaneda: "Kuba ez da paradisua, baina ezta infernua ere"

Miren Arregi Amasorrain 2021ko urt. 25a, 11:00

Cubainformacion-eko koordinatzaile Jose Manzanedak idatzitako 'Cuba: verdades y mentiras' liburuaren aurkezpena egin dute Kulturaten Debagoieneko Ezker Kultur Guneak, Askapenak eta Ezker Anitzak antolatuta. Bertan, "ekonomia liberal kapitalistak Kubaren aurka sortutako errelatoaren" kontrako argudioak eman dituzte.

Liburuan, Kubaren inguruko "25 gai mediatikoren" gaineko informazioa jaso du egileak. "Botere ekonomiko eta politiko handiek sortutako ideologiaren kontrako argumentazioa eskaintzen da liburuan. Kuba ez demokratiko bat irudikatzen dute, giza eskubideak errespetatzen ez dituena eta ez da horrela", dio Manzanedak. Hain zuzen argumentazio horren kontra, hitzaldian azaldu du, Unicefen datuen arabera Latinoamerika osoan haur desnutriziorik gabeko herrialde bakarra dela Kuba eta Munduko Osasun Erakundearen arabera, Amerika osoan haur hilkortasun tasarik txikiena duen herrialdea ere bai. "Datu horiek oso garrantzitsuak dira giza eskubideen ikuspuntutik. Kuba ez da paradisua, baina ezta infernua ere", gehitu du. 

Blokeoarekin bukatzeko aukerak

Garai historiko honetaz ere jardun dute hitzaldian. Izan ere, Manzanedaren ustez, Joe Biden Amerikako Estatu Batuetako presidente izendatu izanak, blokeoaren estrategiarekin bukatzeko aukera irekiko dio Kubari. "Trump izan da Kubarendako azken 60 urteetako presidenterik txarrena. Izan ere, blokeoa indartzeko 240 zigor inposatu dizkio azken lau urteotan eta orain espero da blokeoaren estrategiarekin bukatzea. Obama ere saiatu zen horretan baina Trumpek hankaz gora ipini zituen gero neurriak. Orain, Bidenek badu aukera harreman normalak sortzeko prozesua abiatzeko, kongresua eta senatua ere partidu demokratikoarenak baitira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak