Txirri, Mirri eta Txiribitonekin, euskal festetan barrena Amaian

Hasier Larrea 2021ko urt. 22a, 11:17

2012an hartu zuten pailazo berriek jatorrizkoen testigua.

Bihar, hilak 23, 'Bart non ote nintzen ni' ikuskizuna eskainiko dute hiru pailazoek, 17:00etan hasita.

Euren eskutik idatzitako lehen testua aurkeztuko du Txirri, Mirri eta Txiribiton hirukote gazteak zapatu honetan Amaia antzokian. 1982an sortutako abestitik abiatuta, euskal hiriburuetako festa nagusietan barrena murgilduko dituzte pailazoek adin guztietako arrasatearrak, "Paristik natorren, Pintto Pintto eta Zapi zuria kantuak alboratu gabe eta parrandetan gertatu ohi diren egoeren inguruko kontaketa umoretsuak eginez". Hala deskribatu du Kattalin Ansorenak Bart non ote nintzen ni clown emanaldia. Berak betetzen du Mirriren papera eta bere anaia Peruk, berriz, Txirrirena. Zirkulua osatzeko, antzinako Mirri bien aita dela aipatzea ere ez dago sobera.

Hain zuzen, hirukote historikoarekin "harreman estua" izaten jarraitzen du egungo belaunaldiko hirukoteak: "Erretiratuta daude eta gutxiago ikusten ditugu, baina estimu handia diogu elkarri", aipatu du Kattalin Ansorenak. Garaiak aldatu egin dira, ordea, eta pailazoen lan egiteko modua ere bai. Adibide modura emanaldien iraupena murriztu egin dutela nabarmendu du Mirrik: "Lehengo pailazoak bi ordu egon zitezkeen taula gainean, umeak aspertu gabe; gu ordubetez egoten gara, asko jota, neska-mutilen atentzioa gutxitu egin baita urte hauetan".

Mende erdi 2022an

1972an eman zuten lehen ikuskizuna Txirri Mirri eta Txiribitonek, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ezizenekin orduan. Zahartzetik urrun, garai berrietara egokitu dute euren jarduna, "betiko esentzia egungo gai eta teknologiekin" uztartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak