Ordizia Errugbi Elkarteko 23 urtez azpiko taldeak arrasatearren ordezkaritza zabala izan zuen, hilaren 16an, Burgosen kontra jokatutako lagunarteko partiduan. Arrasate Errugbi Taldeko bost jokalari aritu ziren norgehiagoka horretan goierritarren elastikoa defendatzen: Danel Argoitia, Asier Delgado, Unai Suinaga, Andoni Narbaiza eta Joseba Santa Cristina.
Jakina denez, eta aurtengo ezohiko denboraldian errekurtsoak partekatze aldera, Arrasate Errugbi Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Ordizia Errugbi Elkartearekin Gabonen bueltan. Euskal Ligaren estreinaldiko jardunaldian, ondorioz, zenbait goierritar aritu ziren Mojategin elastiko zuri-morea defendatzen, Durangoren kontrako norgehiagokan. Gauza bera gertatu zen Arrasate Errugbi Taldeko jokalariekin Ordiziaren 23 urtez azpiko taldeak Burgosen kontra jokatutako lagunarteko partiduan.
Danel Argoitia, Ordiziarekin partidu ofizialetan
Azpimarratu beharra dago, aipatutako hitzarmena sinatu aurretik, Argoitiak goierritarren deia jaso zuela aurtengo denboraldian Ordizian jokatzeko. Arrasatearraren erantzuna baiezkoa izan zen, eta, hortaz, aurten ordiziarren jokalaria izango da, partidu ofizialetan ere elastiko gorria defendatuko duelarik. Gainontzekoek, denboraldian zehar bestelako erabakirik hartu ezean, lagunarteko norgehiagoketan parte hartzeko aukera izango dute soilik.