Uribesalgo lantegia desmuntatzen hasi dira, 49 etxebizitza egiteko

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 21a, 14:07

San Andres auzoko Uribesalgo fabrika zena desmuntatzeko lanak hasi dituzte asteon, izan ere, etxebizitzak egingo dituzte inguru horretan; hilabete eta erdi inguruan lan horiek bukatzea aurreikusten dute, gero, ondo bidean, eraikitzen hasi ahal izateko.

Urtarril hasieran hastekoak baziren ere, aste honetan hasi dira Uribesalgo fabrika zena desmuntatzen eta hilabete eta erdi inguruan lan horiek bukatzea aurreikusten dute, martxoko lehen egunetarako. Ondoren, ondo bidean, etxebizitzak eraikitzen hasiko dira inguru horretan. Izan ere, Leku-Eder promozioaren baitan, 49 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik 28 libreak izango dira eta 15 dituzte salduta oraingoz, horiek komertzializatzeko ardura daukan Bibai etxe agentziako arduradun Zigor Aginagaldek azaldu duenez. Tasatuak, berriz, zozketa bidez banatuko dituzte eta zozketa hori datozen hilabeteetan egitea aurreikusten dute. Gauzak horrela, interesatuek oraindik badute izena emateko aukera, Etxebiden.

49 etxebizitza izango ditu Leku-Eder promozioak, eta etxabeez gain, sei solairu edukiko ditu eraikinak. 28 etxebizitza libreak izango dira eta 21, tasatuak. Oraingoz, 15 libre daude salduta eta tasatuak banatzeko zozketa datozen hilabeteetan egingo dute.

Entrega, 2023 hasierarako

Aginagaldek azpimarratu duenez, oso kalitate oneko etxebizitzak izango dira. "Azpimarratzekoa da oso zahartze ona dutela, eraikuntza kalitatea ona dutelako. Etxebizitza bereziak izango dira, izan ere, masaren azpian, perimetro osoan eta sabaian isolamendua edukiko dute, bai akustikoa eta baita termikoa ere. Bizilagunekiko paretak, esaterako, hirukoitzak izango dira. Zentzu horretan, bukatuta daudenean, Arrasateko etxebizitza onenak izango dira". Etxebizitzak 2023 hasierarako entregatzea aurreikusten du agentziak.

Libreei dagokienez, bigarren solairuko etxebizitza batek, esaterako, 253.000 euro balio duela azaldu du Aginagaldek (%10eko BEZ gehitu beharko litzaioke kopuru horri). Gainera, garajea erosteko aukera ere egongo da eta etxebizitza erosi dutenek izango dute lehentasuna, "nahiz eta ez den derrigorrezkoa izango erostea". Hala, etxebizitzen azpian bi soto egingo dituzte. "Garaje bakoitzak 17.500 eurotik gorako prezioa izango du".

Aurrez ere eraiki izan dute Arrasaten

Azkoitiako Grupo Sorelor enpresak egingo ditu aipatutako etxebizitzak, eta Aginagaldek adierazi moduan, 80ko hamarkadan Arrasaten hainbat eraikuntza lan egin zituen enpresa horrek. "Batetik, Ertzaintzaren egoitzaren pareko Villa Amparo eraikuntza. Bestetik, Kontzeziñoko komentua erosi zuten eta Kontzeziño kaleko lehenengo zenbakiak egin zituten, eraikin ilunagoak direnak, 80ko hamarkadako bigarren erdian egin zituzten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak