Ipuin kontaketaren mundu magikoan ahalduntzeko egarriz

Xabi Gorostidi 2021ko urt. 16a, 12:10

Arrasateko Udal Bibliotekak ipuin kontaketa tailerra antolatu du Saroa Bikandi kontalariaren gidaritzapean; guztira hiru  saio izango dira, eta gaur goizean egin dute horietako lehena. Keinuak, begiradak, eta espazioaren erabilera bezalako kontzeptuak landuko dituzte, eta parte hartzaileek gogoz eta ilusioz ekin diote ikastaroari. "Nik dakidana konpartitzea oparia da" adierazi du Bikandik.

Hamabost lagunek eman dute izena ikastaroan, eta Arrasateko mugetatik kanpo etorri dira horietako asko: Durangotik, Elgetatik, Bergaratik... Gehienak aurrez guraso izandakoak, eta baita guraso izateko zorian daudenak. Horrez gain, lan munduan gazteekin harreman zuzena zuten parte hartzaile gehienek: hezitzaileak, historia irakasleak, literatura irakasleak. Parte hartzaileen artean, amama bat ere bai; biloba Ameriketako Estatu Batuetan du, eta Skype bidez kontatzen dizkio ipuinak. Aipatzea, ez dela gizonezkorik egon parte hartzaileen artean. 

Saioa hasteaz bat, aurkezpen txiki bat egin du Saroa Bikandik. Bertan adierazi du, atetik sartu aurretik parte hartzaile guztiak direla kontalariak. Arlo teknikoak zehatz mehatz landu daitezkela azaldu du –entonazioa, keinuak, espazioaren erabilera… –, baina, batez ere, albokoak nola kontatzen duen ikustean jarri du indarra, "hori baita ikasteko modurik eraginkorrena". 

Talde giroa sortzeko eta lotsak alde batera uzteko beroketa ariketak egin dituzte: aulkitik altxatu, gelan barrena ibili, partaideak agurtu, begietara begiratu, ... eta jarraian istorio laburrak kontatzen hasi dira, banan-banan. 

Gaurkoa lehen saioa izan da, eta beste bi geratzen zaizkie aurretik. Partaideak ikasteko egarriz daude, eta ziur hiru saio aberasgarri izango direla. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak