Umeak "mundu zabal bateranzko bidaia intentsu batean" murgiltzeko xedez, herririk herri ibiltzen da Ane Gebara hango eta hemengo ipuinak kontatzen. Gasteiztarra bigarrenez egongo da Udal Bibliotekaren egitarauaren baitan, iaz ere jaso baitzuen gonbidapena haur arrasatearren aurrean "emozio eta hitzen bidez" transmititutako istorioak kontatzeko. Lau urte pasa dira kontalari gisa lehen urratsak egiten hasi zenetik, eta ogibidea "zenbat eta sakonago ezagutu orduan eta plazer handiagoz" lan egiten duela onartzen du Gebarak.
"Gaiztoak" agertzea, gako
Zalantzarik ez dauka kontatzen dituen istorioek ezinbesteko elementu bat eduki behar dute-la baieztatzeko orduan: "Pertsonaia gaiztoek bai ala bai egon behar dute, horiek lortzen dutelako neska-mutilak fikziozko kontaketako partaide bilakatzea". Berak ze momentutan gozatzen duen galdetuta, umeek "begiak eta belarriak ixten dituztenean" erantzun du, istorioak "funtzionatzen" duela konturatzen delako orduan.
Mozten ez den haria
Ipuin kontalari euskaldunak "betidanik" egon direla uste du Gebarak, belaunaldi bakoitzean agertzen direlako ohitura mantentzeko prest dauden "apurren batzuk". Gaur egun ofizioan jende berria egotea "pozgarritzat" jo du, gainera, gasteiztarrak.
Esan bezala, urtarrilaren 21ean eskainiko du lehen emanaldia, Kulturaten, eta 27an gerturatuko da, ostera, Santa Marinako bibliotekara –saio horretarako aurrez eman beharko da izena–. Seietan hasiko dira bi hitzorduak.