Arrasatearrak eta ordiziarrak gogotsu ekin zioten aurtengo denboraldiko estreinakoari; hala ere, durangarrek partida hasi eta gutxira lortu zuten lehenengo entsegua. 0-7koa markagailuan zutela, etxekoak saiatu ziren bizkaitarren marrara heltzen eta gutxigatik ez zuten lortu aukera pare batean. Hala ere, durangarrak izan ziren hurrengo entsegua lortu zutenak atsedenaldia heldu baino minutu batzuk lehenago. 0-12ko markagailuarekin zelairatu ziren berriz ere Barrutiaren mutilak, eta bigarren zatiak norabide berbera hartu zuen. Durangokoak nagusitasuna erakutsi zuten, eta garaipena Bizkaia aldera eraman zuten.
Porrota alde batera utzita ostera, pozik agertu zen Barrutia. Zelaira jokatzera irtetearekin bakarrik asko irabazi zutela aipatu zuen eta Ordiziako jokalariekin batera entrenamendu falta sumatzen duten arren, taldeak erakutsitako jarrera eta intentsitate mailarekin harro amaitu zuen entrenatzaileak.