"Berehalako erreskate duina" eskatu dute bailarako ehunka ostalarik, Arrasaten

Xabi Gorostidi 2020ko abe. 28a, 17:40

Bizi duten "egoera prekario eta ezegonkorra" salatu dute. Adierazi dutenez euren familien beharrak asetzen dituzten diru-iturriekin "jolasten" ari dira agintariak. "Ostalaritza, gaur egun, ez da infekzioen arreta foku. Ordutegi mugatua, edukiera mugatua,  prebentzio baldintza zorrotzak... Hori da, guretzat, egoerara moldatzeak duen esanahia".

"Gure lan duinagatik, etengabeko aldaketara moldatzeagatik eta gizarteari egindako onura iraunkorragatik lotutako eskubideak aldarrikatzera gatoz. Gaur ere, inoiz baino elkartasun maila handiagoarekin, gure egoera ezegonkor eta prekarioa salatzera gatoz, Gobernuak ezarri dizkigun  etengabeko kondenak eta itzalpera bideratutako egoerak salatzera. A plana, B plana? Ez, eskerrik asko! Berehalako erreskate duina orain!" adierazi dute ,manifestazio bukaeran irakurritako manifestuan. "Aski da gure familiakoen diru-sarrera iturri bakarrarekin jolasean ibiltzeari" gehitu dute.

Ostalaritza ez dela infekzio fokua salatu dute, baita ostalaritzaren itxiera "lasaitze sozialerako tresna" gisa erabiltzea ere: 

"Ostalaritza, gaur egun, ez da infekzioen arreta foku. Bete du, soberan, espetxe-zigorra eta egungo bizimodura guztiz egokitua dago. Ordutegi mugatua, edukiera mugatua, COVID-19 birusarekiko prebentzio baldintza zorrotzak. Hori da, guretzat, egoerara moldatzeak duen esanahia. Aski da gure etengabeko espetxeratzea pandemiaren irtenbide gisa, lasaitze sozial gisa erabiltzeari. Aski da ostalaritza galzorira eramateari! Aurrez programatu gabeko etengabeko ixte eta irekitze egoeretara eramaten gaituzue, horrek dakarren ezinezko planifikazio, etengabeko papeleo eta ezengonkortasun orrokorrarekin. Urte asko ostalaritza munduan autonomo gisa, urte asko era guztietako egoeretara moldatzen, aldarrikapen askoren erakusleiho izaten. Baina, gaurko gure egoeran, nork babesten gaitu?"

"Injustizia bat" bizitzen ari direla adierazi dute, eta datu batzuk eman dituzten ostalaritza sektoreari buruz:

"Euskadin 13.500 ostalaritza negozio, 51.500 langile ingururekin. Gipuzkoa mailan, 5.000 negozio inguru, 19.000 langile eta haien familiekin. Hau da, justizia arrastorik gabe kondenaturiko 100.000 pertsona inguru".

Iragarritako dirulaguntzak "limosna hutsa" direla adierazi dute, eta egoera ikusita "erreskate duin bat" aldarrikatu dute, "lehenbailehen":

"Eta dirulaguntzak? barregarriak, limosna hutsa. Gure kontuak zorrez, maileguz josiak dihardute. Guzti hori, negozioa eraberritzeko beharrezko aldaketen inguruan eragozpenak sortzen jarraitzen dituzuelarik, adibide gisa, gaur egun funtsezko baliabide den terrazen instalaziorako oztopoak. Gobernu buru zareten jaun-andreak, egoera hau larria da. Hori horrela, egoerak suposatzen duen seriotasun berdinarekin joka dezazuen eskatzen dizuegu!  Zuen profesionaltasun faltagatik ostalaritzako kide eta haien familiak galzorian gaude!"

Amaitzeko, esker hitzak izan dituzte babesa ematen dieten horientzat:

"Eskerrik asko ostalari guztioi adierazitako elkartasunagatik, amets gaizto hau era positiboago baten jasatea posible egiten duzuelako etengabeko babesa sentitze hutsarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak