Arrasate Irratiko kolaboratzaile izandako Eusebio Iñarra hil da

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 21a, 17:48

Urte luzez Arrasate Irratian kolaboratzaile izandako Eusebio Iñarra zendu zen atzo, 84 urte zituela. Arrasatearra agurtzeko, Jose Mari Velez de Mendizabalek lerro batzuk eskaini dizkio bere Etorkizuna etorkizun blogean:

MEREZI IZAN DU, EUSEBIO

 

Bi heriotzaren berri eman didazu azken zazpi hilabeteotan: Carmelo lagunarena...eta zerorrena. Sekulako lasaitasunez adierazi zenidan hura gure arteko azken elkarrizketa zela, eta auskalo norako bidaiarako guztiz prest zeundela. Zirraragarria gertatu zitzaidan nire eskuetan jarri zenuen papera: "Josemari, merezi izan du. Eskerrik beroenak, Eusebio"

Eta erantzun behar dizut zuzen zeundela, guztiz merezi izan baitu... zure moduko pertsona bat ezagutzeak. Zure adiskide eta bidaikide izateak harro sentiarazi nau. Merezi izan du etorkizunari buruzko espazioak elkarrekin esploratzeak, nahiz eta norantz goazen igarri gabe utzi dugun. Baina horixe da geroa, inondik ere heltzerik uzten ez digun galdegaia. Merezi izan du gure hizkuntzaren gaineko ibilbide malkartsuan barrena ukondoz ukondo egiteak, Oiartzungo arrasatearra zinenaren eta Aramaioko arrasatearra naizenaren abiapuntuak desberdinak bagenituen ere. Merezi izan du, bihotzez, azken-azken orduraino erakutsi didazun bezala, bizitzari baikortasunetik begiratzeak, irakurtze, idazte, hausnartze, paseatze edota musika entzutearen bitartez.

Zure azken hitzak Mertxe emaztearentzat izan dituzu, bilobek inguratuta: zerua ematen du, eta gainera zurekin!! esan diozu. Ederra. Eta joan egin zara, bakean. Merezi izan du, Eusebio, bai noski!

Zuk ezagutarazi zenidan "Radio Swiss classic" entzuten ari naiz lerro hauek idaztean, Maurice Ravelen sol maiorreko Kontzertuaren adagioa. Zoragarria. Aurrerantzean irrati horrekin konektatzen dudan bakoitzean zuganantz zuzenduko dut gogoa, eta agintzen dizut ahaleginak egingo ditudala musikaren plazera zurekin konpartitzeko, Nagusitasunaren saria merezi izan duzu eta. Eusebio, laguna, izarretan elkar ikusi arte!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak