Segurtasun neurriak zainduz eta artisau azokako karpan sartu den jende kopurua kontrolatuz egin dituzte gaur bi azokak, Arrasaten. Herriko ekoizleak izan dira bertan, baina baita ere okasiorako propio gonbidatutakoak ere. "Aurten ez da Santamas azokarik egingo eta pentsatu dugu abenduan egiten ez den baserritarren azoka egitea. Ideia horrekin ginen baserritarrengandik ere proposamena heldu zitzaigunean", azaldu du Arrasateko Udaleko Tokiko Garapen Saileko teknikari Nerea Lazpiurrek.
Ezohikoak izango dira Gabonak aurten eta ezingo dira egin urteroko hainbat ekimen. Hala, Santamas komisiñuak, Udalak eta herriko hainbat eragilek egitarau berezi bat gertatu dute egunotarako. Tartean dira gaur egindako bi azoka bereziak.
Baserritarren azokan marokoar gozoak, glutenik gabekoak, gozo tradizionalak, barazkiak, barazki ekologikoak, ogia, gazta, patea, loreak, kremak... Askotariko produktuak egon dira eskuragarri. Erosleendako ere egon da saririk; izan ere, otarre bereziak zozketatu dituzte azoka amaieran.
Artisauen azoka
Biteri plazan altxatutako karpan egin dute artisau azoka. Sartu-irteerak egiteko ate desberdinekin, barruan zegoen jende kopurua kontrolatzeko zaintza lanekin eta airearen kalitatea berritzeko karpako hormak hainbat lekutan altxatuta egin dute. Dozena bat artisau zeuden azokan. Gehienak arrasatearrak, baina baita ere Nafarroatik etorritakoak. Zinez eskertu dute azoka egiteko aukera eman izana. "Ez naiz azoka askotara joaten, baina pandemia hasi zenetik ez dut bat bera ere eduki. Santamas eguneko azokara etortzeko ohitura dut, eta hala jaso dut gaurkoan parte hartzeko gonbidapena", azaldu du Erratzuko (Baztan) Jon Dufurrenak.
