"Erabakia larria da, eraso berri bat oinarrizko eskubide demokratikoen eta Euskal Herriaren aurka. Eta Arrasaten ordezkaritza daukagun aipatutako eragile sindikal, sozial eta politikook, Euskal Herri mailako beste zenbaitekin batera, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiari elkarrekin erantzun sendo eta transbertsala emateko batu gara. Herritarrei ere deia luzatzen diegu, bihar, bilkura horretan gurekin bat egin dezaten, Euskal Herriarentzat benetako demokrazia eskatzeko eta injustizia berri honi herri gisa erantzuteko", adierazi dute deitzaileek.
Debagoieneko Ezker Anitza-IUk, bere aldetik, eskualdeko bilkura denetara deitu ditu herritarrak. Bateragune auzia hasi ere ez zela "inoiz" egin behar adierazi dute, eta Estrasburgoko epaitegiak epaiketa justua izan ez zutela ebatzita ere auziperatu eta zigortuak, kondena osoa bete ostean, berriz ere epaitzea erabakiz, Auzitegi Gorena "politika egiten" ari dela uste du Ezker Anitza-IUk: "Eskuina epaitegietan gotortuta dago", adierazi dute.