Seber Altubeko elizak ez zuen jaso azaroan Santa Zeziliaren omenez bandak egin ohi duen urteroko kontzertua, baina hutsune hori betetzeko saiakera egingo du, bandaren ordez, Arrasate Musikaleko orkestrak gaur, 19:30ean hasita.
Segurtasun distantziak errespetatzeko, haize-instrumentuak jotzen dituzten musikariak ez dira oholtzara igoko; soilik hari-instrumentuak jotzen dituztenek izango dute tokia, 30ek, eta 95 ikusle baino ezingo dira gerturatu. Arrasate Musikaleko bazkideen artean banatu dira sarrera gehienak, baina oraindik badago eskuratzeko aukera.
Estilo askotariko errepertorioa egongo da entzungai Iker Olazabalek zuzenduko duen emanaldian: concerto grosso eta serenata bana, lau kantu alaiz osatutako suitea eta Carlos Gardel argentinarraren Por una cabeza eta El día que me quieras tango ezagunak, zehatz esanda.
Abenduaren 26an, berriz, Big Bandaren hamabost partaidek eskainiko dute kontzertua, Amaia antzokian, Ibai-arteren eskutik. Doako sarrerak agortzear daude eta merkatarien elkarte horren webgunean eskura daitezke.
COVID-19a, oztopo
Hainbat eragozpen jarri dizkie koronabirusak urte osoan zehar Arrasate Musikaleko partaideei. Orkestrak lehen hiruhilekoan eskaini ohi duen zarzuela ez zen egin, eta musikari baten positiboagatik zenbait kidek konfina-tu behar izan zuten bi astez. Bandak, gainera, La Mercedeko eraikinean entseatu du azken asteetan, beste bi entsegu lokalak txiki gelditu zaizkiolako