Taldea indartuta, igoera fasea jokatzea helburu

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 18a, 13:22

Mondrateko jokalariak eta Jon Zabala entrenatzailea, asteon, Musakolako kantxan.

Atzerapenarekin, baina Mondratek ekin dio 2020-2021 denboraldiari, eta, lehenengo bi partiduetan lau puntu eskuratuta, "sentsazio onekin" dago taldea, igoera faserako sailkatzeko helburuari begira. Aurten, gainera, talde osatuagoa dute arrasatearrek.

Normalean, urrian hasten dute denboraldia, baina pandemia dela-eta atzerapenarekin ekin diote sasoiari aurten. "Lehenik, bi partidu atzeratu zituzten, eta, hastera gindoazenean, beste hiru partidu atzeratu zituzten", adierazi du Jon Zabala entrenatzaileak. Hala, abenduaren 6an ekin zioten denboraldiari. Lehenengo partidua launa berdindu zuten eta bigarrenean, berriz, erraz irabazi zioten Uxoa taldeari: 8-2. "Araian jokatu genuen lehenengoa, Zirauntza taldearen kontra. 1-3 eta 2-4 irabazten joan ginen, eta irabazi genezakeen, baina nahiago dut lortutako puntua positiboki baloratu. Lau punturekin, hasiera ona egin dugu eta sentsazioak ere onak dira", azaldu du Zabalak.

Talde osatua eta zabala

Aurten, gainera, talde osoagoa eta zabalagoa daukatela azpimarratu du entrenatzaileak. "Hiru jokalari deialditik kanpo geratzen dira astero. Niretzako ez da erraza aukeraketa egitea, baina uste dut taldearendako ona dela hori. Iaz, gutxiago ginen, eta lesioak zirela-eta bigarren taldetik jokalariak igotzen aritu ginen. Horrek eragina du beheko taldean ere. Horregatik, aurten, pozik gaude, talde osoagoa izateaz gain, lehiakortasun handiagoa ere badagoelako. Bestalde, jokalari gazteak eta beteranoak ditugu taldean, eta fusio hori ere oso inportantea da, oreka edukitzeko".

Era berean, "ilusioz" eta "denboraldi ona egiteko gogoz" dago Zabala, entrenatzaile lanetan bizi izaten ari den bigarren aldi honetan. Izan ere, aurrez, hiru urtez entrenatu zuen Mondrate baina Madrilera joan zen ikasketak egitera eta iaztik, berriz ari da taldea zuzentzen. 

Igoera fasea begiz jota

Arrasatearren lehenengo helburua igoera faserako sailkatzea da. "Bi multzotan banatuta gaude: batean, Bizkaiko zortzi talde daude; eta bestean, Gipuzkoako eta Arabako taldeak. Multzo bakoitzeko lehenengo laurak sailkatzen dira igoera faserako. Nik uste dut talde ona daukagula eta helburua lortzeko gai garela; hau da, lehenengo lauren artean sailkatzea. Behin hori lortuta, ikusiko dugu noraino hel gaitezkeen".

Babesle guztiei eskerrak

Aurten, Etxoste eta Taupa tabernak eta Okoretegi kafetegia dira babesle nagusiak, eta baita beste hainbat ere: Iluntz taberna, Ingou, Kabuena baserria, Goxoa, Bar Nuevo, Azul ileapaindegia eta Josu kafetegia. "Eskerrak eman nahi dizkiegu emandako babesagatik, babesle barik ezinezkoa izango litzatekeeta taldea aurrera eramatea".

Goierri aurkari zuzenaren aurka

Domekan, 11:00etan, Zumarragan, Goierri taldearen kontra jokatuko dute, berez lehen jardunaldia izan beharko litzatekeena. "Atzeratutako partiduak ditugu orain. Aurkari zuzena da Goierri, haiek ere lehenengo lau postuetan sailkatzea dute-eta helburu. Beraz, partidu gogorra eta zaila izango da, baina emaitza ona lortzera joango gara".

Lau taldekide batu dira aurten

Iban Galeano, atezaina: "Erronka moduan hartu dut, taldeari ahalik eta gehien laguntzeko asmoz. Gazteen erritmoa hartzen saiatuko naiz, nahiz eta zaila izan; ea denboraldi txukuna egiten dugun".

 

Christian Galan, jokalaria: "UDAn futbolean aritu ostean, areto-futbolarekiko ilusioa piztu zait berriz eta Mondratera itzuli naiz. Taldekideek animatu ninduten bueltatzera, eta oso gustura ari naiz orain".

 

Jokin Zeziaga, jokalaria: "Esperientzia handiko jokalariak ditugu taldean, eta haiengandik ikasi gura dut, ahalik eta gehien hobetzeko. Mailaz igotzeko lehian egotea espero dut, hori da helburua".

 

Eros Chinarro, jokalaria: "Pozik nago, ilusio handia egiten dit lehen taldearekin jokatzeko aukera izateak. Taldekideek esperientzia handia dute Euskal Ligan eta haiengandik asko daukat ikasteko oraindik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak