Baserritarrek ohiko azoka egingo dute zapatuan

Uxue Igarza Loiola 2020ko abenduaren 15a

Estrainekoz, abenduan baserritarren azoka egongo da Seber Altube plazan. Ohi baino parte-hartze zabalagoarekin, sasoiko produktuak eskuratu ahalko dira bertan, gertuko ekoizleen eskutik.

Aurten arte, Santamas feria dela-eta, ez da sekula hirugarren zapatuetako azokarik egin abenduan; baserritarrei oso gertu geratzen baitzitzaizkien bi datak. Aurten, ordea, ez da Santamas feria egingo, eta hilaren 19an ohiko azoka izango da plazan. 

Aurreratu dute ohiko ekoizleez gain, hiruzpalau postu gehiago ere egongo direla, gonbidapena egin dietelako Arrasteko beste baserritarrei ere. Eta ekintza osagarririk egongo ez bada ere, zenbait otar banatuko dituzte zozketa bidez: Eusko Label produktuena, azokako produktuenak eta hileroko otarra.

Barazkiak, ogia, eztia eta beste hainbat produktu izango dira azokan, 9:00etatik 14:00etara. Herritarrei gerturatzeko gonbidapena egin diete eta datozen ospakizun egunetan kalitatezko jakiez gozatzeko aukera zabaldu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak