Urtarrilaren 21ean estreinatu zuen obra konpainiak, Bilboko Arriaga antzokian. Hala ere, pandemiagatik bertan behera geratu zitzaizkien saio asko, eta orain berriro ere martxa hartuta daude, hainbat emanaldi eskaintzen. Arrasatekoa izango da horietako bat. "Oso ondo hartzen gaituzte Arrasaten, eta oso pozik bueltatuko gara oraingoan ere", azpimarratu du Jokin Oregik, konpainiako zuzendari eta egileak.
Lehen aldiz, hitza darabilte Marie de Jongheko kideek antzezlan batean. "Orain arte ez dugu hitzik erabili eta aurrerantzean ere, seguruenik, ez dugu erabiliko. Baina kontatu nahi dugunaren arabera erabakitzen dugu nola egin, eta oraingoan, istorioak hitza eskatzen du", gaineratu du Oregik.
Hiru aktore, bi pertsonaia
Oregik berak orain dela urte batzuk idatzi zuen ipuin batean oinarritzen da obra, eta Ekhiren istorioa kontatzen du. "Emakume batek eta neskatila batek kontatzen dute istorioa, baina, berez, pertsona bera dira. Ekhi nagusia denean eta Ekhi umetan. Armiarma batek ere hartzen du protagonismoa. Azken batean, hiruren artean kontatuko dute Ekhiren benetako istorioa, zeinak sekulako beldurra zien txikitan sorginei eta, antzezlanak aurrera egin ahala, bera ere sorgin bihurtzen den. Hori da aitzakia ikus-entzuleekin beldurren gaineko hausnarketa batzuk partekatzeko".