"Erreskate eta laguntza zuzenak" aldarrikatu dituzte ostalariek

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 9a, 11:58

Gaur, eguaztena, Herriko Plaza hartu dute Arrasateko ostalariek, sektoreko langileek eta hainbat herritarrek, ostalaritzak bizi duen "egoera larria" salatzeko. "Euskal Herrian 100.000 familia bizi gara ostalaritzatik eta egoera honek horrela segitzen badu asko desagertzeko arrisku larrian gaude", azaldu dute. Halaber, 18:00etan, manifestazioa egingo dute, Maiatzak 1 plazatik abiatuta.

Azpimarratu dute, "datu gutxi" dituzten arren, badakitela kutsatzeen %3 bakarrik gertatzen dela ostalaritzan ondorioz. "Ez gara egoera txar honen arduradun bakarrak. Horren adibide, bada hilabete gure herrian ostalaritza itxita dagoela eta hala ere kutsatze kasuek gora egiten jarraitzen dutela", gaineratu dute.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari zera adierazi diote: "Itxiera honek interbide ekonomiko bat behar du ostalari, banatzaile eta sektoreko langile guztientzat. Babes erreala behar dugu! Ostalaritza demonizatzea ez da egoerari soluzioa ematea, ezin da gure bizkar gainean utzi egoeraren karga guztia".

Era berean, arrasatearren osasunak kezkatzen dietela aitortu dute. "Euskal Herriko daturik okerrenak ditugu eta kezkaz bizi dugu gure herriaren osasun egoera. Orain arte bezala, arazoa seriotasunez jorratzeko borondate osoa dugu, behar diren neurriak zorrotz betez". Horren ondorioz, azpimarratu dute, Arrasate ostalaritza eta komertzio gabeko herri izatearen beldur direla "egoera hau guztia bukatzean".

Pandemiaren hasieratik bizi izandako egoera "oso gogorra" izan da "denontzako", azaldu dutenez. "Jakitun gara ez garela kaltetutako sektore bakarra, baina udaletxetik ostalaritzarako eman diren erantzun eta erabakiak ez direla nahikoak uste dugu". Horrekin lotuta, aldarrikatu dute Gabon argiak pizteak "ezer gutxitarako" balioko duela herriko ostalaritza itxita geratzen baldin bada, denda txikiak ere "oso kaltetuak" izango direlako zeharka.

Udal agintariekin bilera eskakizuna

Ondorioz, diote, eman beharreko pausoen artean lehendabizikoa Udaleko agintariekin bilera egitea dela, "alkatea buru, gure eskakizunei irtenbide sendoago bat emateko egoera honek jarraitzen duen bitartean".

"Errealitatea gordina eta larria da, familia ugariren biziraupena jokoan dago. Momentu oro arduraz jokatu dugu ostalariok, beraz ez utzi gure bizkarren gain egoki kudeatu ez diren beste neurrien karga", bukatu dute. "Erreskate eta laguntza zuzenak behar ditugu urgentziaz! Ostalaritza bizirik duen herria, herri bizia da!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak