Ekarpenak jasotzeko kanpaina jarri du martxan Harremanek

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 3a, 09:38
Ankurren, hostoak erabiltzen dituzte maskara moduan, COVID-19ari aurre egiteko. Argazkia: Harreman.

Mozambikera eta Indiako Ankur proiektura bideratzeko ekarpenak jaso gura ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Hori dela eta, sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du eta Gabonetan zozketa bat egingo dute. Parte hartzeko, herritarrei banatu dieten triptikoa Harreman dendan aurkeztea nahikoa da. 

"Elkartasun eguna ezin izan dugu egin, ezta Zarzuela eta beste hainbat ekintza ere, eta kontaktua falta izan zaigu gure bazkideekin edota ekarpenak egiten dizkigutenekin. Hori dela eta, Gabonetara begira, kanpaina txiki bat abiatu dugu, herritarrei informatzeko zertan ari garen eta ze proiektu ditugun esku artean", azaldu du Andoni Uribeetxeberria Harremaneko kideak.

Harreman bi proiektu finantzatzen ari da gaur-gaurkoz. Batetik, Mozambikekoa. "Proiektu nagusia dela esango genuke. Garapenerako proiektu bat da eta hango nekazariei lagunzen diete, haien bizimodua hobetu dadin eta autonomoagoak izan daitezen".

Bestalde, Indiako Ankur herrian, umezurztegi bati laguntzen dio. "Kaleko umeak hartzen dituzte han eta ume horiek elikatzeaz gain, hezi egiten dituzte, formazioa emanez, haien etorkizuna lantzeko. Pandemiarekin zaildu egin da egoera. Jende asko dago kutsatuta eta egoera oso txarra bizitzen ari dira. Hemengo moja batzuk kudeatzen dute umezurztegia eta buru-belarri ari dira lanean, 200 neska-mutiko baino gehiagori lagundu eta janaria banatzen", gaineratu du Uribeetxeberriak.

Emakume bat, semea gainean duela, lanean, Mozambiquen.

Gabonetako zozketa

Herritarrei triptiko bat banatu diete Harremaneko kideek, informazio guztiarekin, eta triptiko hori Harreman dendan aurkeztu ezkero, zuzenean zozketan parte hartzeko aukera edukiko dute herritarrek. "Horrez gain, erosketa txikiren bat eginez gero, asko eskertuko genuke".

Hainbat kontu korronte, ekarpenak egiteko

Bestalde, hainbat kontu korronte jarri dituzte herritarren eskura, ekarpenak egin ditzaten:

Laboral Kutxa: ES23 3035 0001 50 0010042825

Kutxabank: ES95 2095 5055 51 1061985981

Caixa: ES67 2100 1972 03 0200112601

Caja Rural: ES83 3008 0253 49 2793534526

Harremanetarako: Facebook, info@harreman.net helbidea edo www.harreman.net webgunea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak