Melodia lirikoak Amaia antzokian, artista handien eskutik

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 2a, 17:31
Iaz Amaia antzokian egindako gala lirikoa.

Miren Urbieta sopranoaren, Igor Peral tenorraren eta Alberto Arrabal baritonoaren ahotsak egongo dira entzungai abenduaren 17an Amaia antzokian, 19:00etan hasita. Arkaitz Mendozak jarriko du musika, pianoarekin, eta Josean Garcia izango da zuzendari artistikoa. Sarrerak salgai daude oraindik.

Gabonen bueltan Ozenki elkarteak egiten duen emanaldia da gala lirikoa, eta, elkarteko kide Manu Gallardok azpimarratu duenez, aurten ere ez da faltako. Gainera, goi mailako artistak izango dira Amaia antzokian. "Beti saiatzen gara goi mailako artistak ekartzen, eta aurten ere lortu dugula esango nuke. Miren Urbieta, esaterako, Espainian dagoen soprano onenetakoa da, eta gurean izango dugu. Bestalde, Igor Peral tenor nafarra ere etorriko da, azkenaldian nabarmentzen ari dena, baita aspaldiko ezaguna dugun Alberto Arrabal baritono madrildarra ere. Arkaitz Mendoza Musikeneko irakaslearen esku egongo da musika, pianoarekin, eta azpimarratu beharrekoa da euskal panoraman dagoen orkestra zuzendari onenetakoa dela. Zuzendari artistikoa Josean Garcia izango da", dio Gallardok.

Beraz, kalitate handiko kartela dela adierazi du, arrasatearrek eta debagoiendarrek gozatzeko modukoa. "Ikuskizun ederra izango da, eta errepertorioak ere lagunduko du horretan".

Izan ere, abesti ezagunez gozatzeko aukera eskainiko du emanaldiak. "Errepertorioa lirikoa izango da, eta, opera abesti ezagunez gain, Gabonetako kanta batzuk eta euskarazko batzuk ere eskainiko dituzte". Halaber, ordu eta erdi inguru iraungo du saioak, eta kultura hauspotzeko helburuarekin egin dutela dio Gallardok. "Kultura segurua dela erakutsi gura dugu, kulturak aurrera jarraitu beharra daukalako".

Sarrerak eskuratzeko, hiru bide

Domekan jarri zituzten salgai emanaldirako sarrerak, eta "oso erritmo onean" ari dira saltzen, Gallardoren esanetan. "Egoera dela eta, emanaldiaz gozatzera etorriko diren guztien segurtasuna lehenetsi dugu, eta neurri guztiak beteko ditugu. Horregatik, edukiera mugatua izango da, eta 266 sarrera jarri ditugu salgai, guztira. Dagoeneko erdiak baino gehiago ditugu salduta, beraz, guztiak agortzea aurreikusten dugu", gaineratu du.

Oraindik 100 sarrera inguru geratzen dira, eta hiru bide daude horiek eskuratzeko: Amaia antzokiko leihatilan edota Kutxabank.es eta Arrasate.eus webguneetan. 15 euro da sarrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak