Abian da Santamasetako erakusleiho lehiaketa

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 2a, 12:18
Altuna lurrindegiak irabazi zuen iaz Santamasetako erakusleiho lehiaketa.

Lehiaketan parte hartzeko establezimenduek abenduaren 9ra arteko epea dute izena emateko. Herritarrek bozka emateko epea, berriz, abenduaren 10etik 18ra luzatuko da, 12:00ak arte, hain zuzen. Aurtengo berrikuntzak laugarren sari bat eta haur eta gazteen saria izango dira.

Honakoak dira izena emateko bideak: Udaleko Merkataritza sailean (943 25 20 17 edo merkataritza@arrasate.eus), BAZen, udal webgunean edo merkataritzako bulego teknikoan( 943 79 30 90 edo aitziber@debagoiena.eus).

Aurtengo berrikuntza haur eta gazteen saria izango da. "Ikastetxeetara egingo da zabalpena, bertako eta gertuko merkataritzaren balorea ikusarazteko helburuarekin", azaldu du Udalak.

Era berean, Herritarren saria bozkatzen dutenen artean zozketatuko dira 100 euroko bost bono eta haur eta gazteen saria bozkatzen dutenen artean, aldiz, 30 euroko beste bost bono, Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko. Udal webgunetik edota Ibai-Arteko webgunetik egin ahal izango da bozketa.

Sari banaketa abenduaren 21ean egingo dute, 17:00etatik aurrera. Erakusleihoak jarrita egongo dira abenduaren 10etik 31ra arte, gutxienez. Epaimahaiari dagokionez, Ibai-Arteko ordezkari batek, diseinuan aditu batek eta udaleko ordezkari batek osatuko dute.

Aurtengo sariak honakoak dira:

  • 1. saria: plaka eta 600 €
  • 2. saria: plaka eta 400 €
  • 3. saria: plaka eta 300 € (Ibai-Artek emana)
  • 4. saria: plaka eta 200 €
  • Herritarren saria: plaka eta 300 €
  • Haur eta gazteen saria: plaka eta 300 €

Egubakoitzean piztuko dituzte Gabonetako argiak

Aurten ez dute argien piztuera ekitaldirik egingo, baina abenduaren 4an piztuko dituzte. "Udalaren helburua da Gabon argiekin kaleak biziaraztea, are gehiago pandemiak eragindako une zail hauetan, eta herriko saltokietan erosketak sustatzea". Guztira 85 argi-estruktura ezarri dituzte herriko kaleetan eta 38.671,60 euroko inbertsioa egin du Udalak. "Apaingarri guztiak kontsumo elektriko baxukoak dira, jasangarritasunaren eta ingurumenaren mesedetan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak