Udalak akordioa apurtu duela diote taxi-gidariek

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 27a, 13:09
Jose Angel Iborra eta Angel Muñez taxilariak, Garibai etorbidean, euren taxiak atzean dituztela.

Arrasateko taxilariek diote Udala eurekiko sentsibilitate falta izaten ari dela, eta hiru eskari nagusi egin dizkiote: "1980tik aldatu gabe dagoen araudia eguneratzea, guardiak ordainduak izan daitezela eta gaueko segurtasuna bermatu diezagutela".

Hamar taxilarik sinatzen duten idatziak dio 2005ean hainbat akordio lortu zituztela Arrasateko Udalarekin. "Batetik, Udaltzaingoak hartuko zuela konpromisoa gure zerbitzuak eskatzen dituzten pertsonak aurrez identifikatzeko eta gero guri eskaera helarazteko, eskaera telefonoz izanda ere. Bestetik, guardiako taxilariak zerbitzua ez emateko erabakia har zezakeela bezeroa mozkortuta edo dirurik gabe bazegoen, esaterako, eta Udaltzaingoari abisatu".

Akordio horiek, azaldu dutenez, hautsi egin ditu Udalak. "Horren eraginez, guardiako taxilariaren gain geratzen da ardura eta atentzio guztia eta Udalak egin duen bakarra da telefono mugikor bat jarri gure esku", diote.

Gaueko segurtasuna bermatzea

Taxilariek azpimarratu dute urteko 365 egunetan bermatzen dutela zerbitzua, eta horretan jarraitu gura dute, baina gutxieneko segurtasun baldintza batzuekin. "Batzuetan, parrandatik bueltan etxera eramateko eskatzen digute, mozkortuta edota bestelako drogen eraginpean daudela eta, gainera, ordaindu gabe ihes egiten digute. Horrez gain, ispiluak ere hautsi izan dizkigute edo bestelako kalteak eragin. Hori onartezina da, eta Udalaren partetik borondate falta ikusten dugu hori konpontzeko", adierazi dute.

Guardiak ordainpekoak izatea

Eguneroko lan jardunaz gain, diote astero 70 orduko guardia egitea dagokiola kolektiboari, 22:00etatik 08:00etara. "Guardia horiek ordainduak izatea gura dugu. Gau guztian dei baten zain egotea gura badute, ordaindu egin beharko ligukete. Hori gutxi ez eta, dena delakoagatik, gaueko dei bat ez badugu erantzuten edota libre ez bagaude, 300 euroko isuna jaso dezakegu", aldarrikatu dute.

Azkenik, alkateari eskatuko diote araudia eguneratu dezala, "1980tik aldatu gabe dagoelako taxien araudia Arrasaten".

Fruiturik gabeko negoziazioak

Gai honen harira, badira hilabete batzuk taxi-gidariak eta Udala harremanetan daudela, baina ez dute adostasunik lortzen. Urri hasieran, esaterako, bilera egin zuten gremioko kideek zein udal ordezkariek, eta hainbat gai izan zituzten hizpide. "Hainbat eskaera egin zizkiguten eta guk puntuz puntu erantzun genien, idatziz, gaueko zerbitzuen ordainsariei, guardien ordutegiei edota zerbitzua ez eskaintzeko aukerari buruz, esaterako. Zentzu horretan, ez daukagu ezer gehiago esateko", dio Gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak