Asteburu honetan amaitu behar bazen ere, Artgazkiko bazkideen Arrasate 20/20 erakusketa fotografikoa bi aste gehiagoz egongo da Kulturateko klaustroan ikusgai. "Herritarrengandik harrera ona jasotzen ari dira argazkilarien irudiak, baita herriko argazki zaharren proiekzioa, norbere erretratua ateratzeko seta eta argazki-makina zaharren esposizioa ere, eta, publiko ugari gerturatzen ari denez, Udalak egitasmoa luzatzea erabaki du", adierazi du Antonio Murillo Artgazkiko bazkideak.
Albiste "ona" dela adierazi du Murillok, euren sarea hedatzen jarraitzeko ere balioko dielakoan: "Beste bost argazkilari batu dira dagoeneko Artgazkira, aurtengo erakusketatik pasa eta gero". Jendearen inpresioak batzeko tartea ere hartu dute bazkideek, eta orokorrean erakusketa positiboa izaten ari dela azpimarratu du: "Herri-mailan aritzen gara gu, eta ez daukagu diruiturri handirik. Baten batek esan digu argazkiak kalitate hobeagoan inprimatu genitzakeela, baina gure helburua ez da bikaintasuna bilatzea, herritarrei gertuko iruditeria bat eskaintzea baizik; kalitate onargarrian, noski".
Lehiaketa, Ibai-arterekin
Udazkeneko VI. Argazki Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago oraindik; datorren astelehen gauean itxiko da. Aurten, Ibai-arte komertzioelkartea batu da egitasmora, "27 argazki onenak inprimatu eta elkarteko denda ugaritan jartzera" konprometitu baitira bertako kideak. Komertzio horietan salgai egongo dira argazkiok, eta saltzen ez direnekin "Ibai-arte bera geldituko da". Irudi horiek hilabete batez egongo dira dendetan, abenduan eta urtarrilean.
Orain arteko parte-hartzea ikusita, 150 argazki inguru jasoko dituztela uste du Murillok: "Iaz baino 20 gutxiago izango lirateke, baina, aurtengo gizarte-baldintza orokorrak ikusita, ez dago batere gaizki". Epaimahaiak abenduaren 6an jakinaraziko ditu irabazleen izenak, eta abenduaren 11n egingo da sari-banaketa. Irudi bakoitzeko bi euro Errakitismo Elkarteari emango dio Artgazkik.