Disko berria zuzenean aurkezteko "desiratzen" dago Libertad Condicional taldea

Hasier Larrea 2020ko aza. 27a, 12:30
Libertad Condicional musika taldea, Bergarako gaztetxean

Arrasateko punk-rock talde gazteak 'Errautsetatik berpizten' diskoa labetik atera berri du asteon, bideoklip eta guzti. Tabernak zabaldu bitartean, zuzenean eurengana jo dezake lan horren emaitza entzun nahi duenak

Bost urteko ibilbidearen ostean, bigarren lan luzea kaleratu du Libertad Condicional musika taldea osatzen duen laukoteak. Hori entzunda, zail egiten da gazte hauek 19 urte dituztela sinistea, baina hala da. XX. mende ostean jaio baziren ere, orduko punk-rock taldeetatik edan dute txikitatik, eta euren estiloaren berri daukanak igar dezake hori. Gari Arsuaga bateriajoleak ez du ezkutatzen "Hertzainak, Cicatriz, Rip eta Eskorbuto" taldeen bertsioak jotzen hasi zirela, ondoren euren kantu propioak konposatzen hasteko. "2019an grabatu genuen lehen lana, Legazpiko Subeltza estudioan, eta iazko udan aritu ginen kontzertuz kontzertu lana aurkezten", bota du Arsuagak.

Hastapenengatik galdetuta, hauxe dio: "Nire hiru taldekideak, Julen Errasti, Urko Perez eta Peru Atxa, klase berean zeudela-eta, musikarako antzeko gustu eta grina zeukatela ohartu ziren; beraz, taldea osatzeko abenturan murgiltzeko erabakia hartu zuten. Bateria-jolea behar zutenez, nigana etorri ziren, eta halaxe hasi ginen laurok batera entseatzen". Lehenengo kontzertuak auzoetan eskaini zituzten: "Hasieran, bertsioekin soilik, eta ondoren, gure kantuekin". Herritik eta bailaratik kanpo ere aritu izan dira: "Gure ingurukoak ez ezik, beste zona batzuetako zaleak eta lagunak ezagutzeko plazera izan dugu".

Kontzertuak egiteko garai zailak diren honetan, "gogotsu" daude euren "abesti berriak zuzenean defendatzen hasteko". Oraindik ez dute ezer zehaztu, ordea. "Ate batzuk jo ditugu, emanaldia eskaini nahi dugula adieraziz, baina momentu honetan zaila da horrelako ekitaldi bat lotzea, eta guztiok gaude itxaroten", aipatu du taldeko bateria-joleak.

Kantuen artean, balada bat

"Lehenengo diskoko estiloa mantenduz, baina, berritasunei paso emanda, familiari eta, bereziki, gurasoei eskainitako balada goxo bat" ere badago Errautsetatik berpizten diskoan. Oiartzungo Ugaldetxoko eskolan grabatu dute, udan, Rebel Noise taldekoen presentzian: "Gure lagunak dira, eurak ere musika munduan sartuta gaude, eta gurekin estudiora etortzeko gonbidapena egin genien, poliki-poliki esperientzia hartzen joan daitezen". Rebel Noiseko Andoni Agirre gitarra-joleak ere parte hartu du kantu baten grabaketan.

Tabernetan eta kontzertuetan, oraingoz, ezingo dute diskoa salgai jarri, baina nahi duenak libertadcondicional50@gmail.com helbidean eskatu dezake, baita instagramen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak