"Sasi guztien gainetik elkartasuna" nagusitu dela eta "inoizko baldintza gaiztoenetan inoiz baino ekarpen handiagoa" bildu dutela euskalgintzarako adierazi dute Errigoraren sustatzaileek. Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da ekarpen horren "zati handiena, %25a". Zonaldeko ikastolen, euskaltegien eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartuko dira horrela, baita Agerraldia egitasmo berria ere.
Aurten, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin dute, Korrika-ri, Seaskari eta Sortzeni zuzenean bideratzeko. “Pandemiak euskara eta euskalgintza estu hartu ditu, Korrika atzeratu da eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu dira”, adierazi dute dute Errigorako kideek, honakoa gehituz: “Izugarria da egungo baldintzetan herri ekimen bat 302.000 euroko ekarpena biltzeko gai izatea. Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez".
Euskararen alde konpromisoa hartzeagatik eskerrak eman dituzte: “Egoera tamalgarri honetan, kanpainako leloak dioen bezala, egiten duguna gara”.
Saskien bilketa, hiru txandatan
AEKn, Ereindajanen eta Arizmendin egindako eskaerak, “produktu goxoak”, hiru txandatan banatuko dira Ferixalekuan: bihar, 17:00etatik 19:00etara, eta etzi, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.