Biharko mobilizazioekin bat egin du EH Bilduk

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 24a, 17:53

Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, adierazpena kaleratu du Arrasateko EH Bilduk eta mobilizazioekin bat egiteaz gain, arrasatear guztiei dei egin die horietan parte hartzeko.

Hemen adierazpena osorik:

"Arrasateko EH Bilduk bat egiten du Arrasateko Mugimendu feministak, Emakumeen Kontrako Indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunaren harira eta Bakartzen gaituzten biolentzien aurrean, josi ditzagun sareak!” lelopean, deitu duen mobilizazioarekin eta dei egiten dizuegu arrasatear guztioi zuek ere bertan parte hartzeko. Izan ere, Arrasate indarkeria matxistarik gabeko eremu ez den bitartean, emakume izateagatik emakumeen aurka indarkeria erabiltzen eta erailtzen jarraitzen den bitartean, gizarte honetan ez da ez bakerik, ez normalizaziorik izango.

Bestalde, gure gizartea astindu duen krisi bortitzak agerian utzi du zein zaurgarria den bizitza eta gu guztion lehentasuna izan behar dela haren zaintza. Indarkeria matxista jasaten duten milaka emakumeek oso ondo dakite hori, gure artean denbora gehiegi daraman pandemia bat jasaten.

Indarkeria matxista egiturazko indarkeria mota bat da, esparru eta sektore guztietan agertzen dena, eta arazo sozial eta kolektibo horri erabateko lehentasuna eman behar diogu, aitzakiarik gabe eta instituzioetatik hasita.

EH Bilduk, erakundeetan ordezkatua dagoen alderdia den aldetik zein gizarte honekiko konpromiso sendoa duen herri mugimendu den aldetik, lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan, orden sozial patriarkala ezinbestez iraultzeko zein emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza errealitate bihurtzeko.

Bukatu aurretik, gogora ekarri gura ditugu aurten Euskal Herrian hil dituzten 4 emakumeak, denak konfinamenduaren hilabeteetan. Lanean jarraitu behar dugu, denok, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Errealitate sozial larria da, denoi interpelatzen gaituena, ezin dugu eta ez dugu beste alde batera begiratu behar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak