Hasi dituzte 'Ekobulebar'-a egiteko lanak, hainbat zuhaitz moztuz

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 23a, 16:20

2021eko urtarrilean ziren hastekoak, baina dagoeneko hasi dituzte lanok, Villa Amparo inguruan eraikiko den ur-parkearen gunean, hain zuzen. Eremuaren antolaketa lanak egiten dihardute langileek, edukiontzi guneen aldaketak, zoladuraren markaketa eta abar, eta hainbat zuhaitz ere moztu dituzte gaur goizean hasita, "proiektuak landarediaren berrordenazio bat planteatzen baitu, haur eta gaztetxoen segurtasuna bermatze aldera parke berrian".

Villa Amparo eraikinaren inguruan, ur-parke berri bat eraikiko dute, "Santa Barbarako parkeak izandako arrakastari jarraiki", ibaiaren alboan. Horretarako, hainbat zuhaitz moztu dituzte langileek eta herritar batzuen haserrea ere eragin du horrek. 

Udalak adierazi duenez, parkeak bi gune izango ditu: bat haurrei zuzendua, ur zirkuitu batekin, eta bigarrena gaztetxoentzat, 18 ur-jolas baino gehiagorekin. "Helburua da 2021eko ekainerako martxan egotea ur-parke berria".

Itxura hau izango du Villa Amparoko ur-parkeak.

Modu horretan, Udalak nabarmendu duenez, hirigintza proiektuekin aurrera darrai, "bi helburu nagusi" oinarri hartuta: "Etorkizuneko Arrasate eraiki, garapena, iraunkortasuna eta eraldaketa ekologikoa oinarri, eta tokiko enpleguaren sustapena Covid-19ak eragindako pandemiaren aurrean".

Lanak, fase ezberdinetan

Ur parkeaz gain, Maiatzaren 1 plaza eta Maalako biribilgunea lotuko dituen bidegorriak jarraipena izango duela azaldu du Udalak. "Garibaiko BUS geltokiari itxura berri bat emango zaio, motorrentzako eta bizikletentzako aparkalekuak eta TAXIen geralekua ere berregokituz. Horrez gain, Biteri eta Maalako biribilgune arteko zatia oinezkoentzat eta bidegorriarentzat bakarrik utziko da, eta ibilgailuek jada ezingo dute hortik igaro".

Grupo San Juanen berrurbanizazioari dagokion zatia, bestalde, bizilagunekin urriaren 20an egindako bileraren arabera egin beharreko aldaketak burutu ostean gauzatuko da. "Bizilagunekin adostu da arkua ez botatzea eta urbanizazioaren saneamendua berritzea".

Construcciones Moyua S.L. enpresak burutuko ditu lanak. Aurrekontua 1.729.079,97 eurokoa da, BEZ gabe. Aipatutako lan guztiak 16 hilabetetan bukatzea aurreikusten du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak