Une erabakigarrietan akats gutxiago eginda irabazi du MUk: 67-64

Mireia Bikuña 2020ko aza. 22a, 20:49
MU-Ardoi partiduaren une bat.

Lehia bukatzeko minutu eta erdi falta zenean Aitorrek berreskuratu duen baloia izan da lehia irabazi ahal izateko kakoa. Bost puntuko tartea zabaldu dute arrasatearrek, eta defentsan lan serioa eginez, garaipena etxean geratzea lortu dute, Ardoi menderatuz.

Ointxeko mutilek gogotsu hasi dute partidua. Erritmo onarekin eta puntu portzentaje altuarekin. Hala, sei puntuko aldea zabaldu dute markagailuan. Baina, nafarrek berdinketa lortu dute lehen laurdena bukatzeko minutu bat falta zenean: 19-19. Dena den, etxekoak heldu dira abantailarekin, laurdenaren bukaerak markatzen zuen txirrinarekin batera hiruko jaurtiketa bat sartuz: 26-19.

Bigarren laurdenean lehenengoan izandako indar guztia galdu dute Iñaki Ogararen mutilek. Ardoi 2-10eko partziala eginez, lehen aldiz ipini da aurretik markagailuan: 28-29. Minutu horietan etxekoak nahiko galduta ibili dira erasoan, huts gehiegi eginez. Zorionez, Ardoik ez du hori baliatu abantaila handitzen joateko. 

Aldagelara 39-39ko markagailuarekin joan dira.

Parekatua eta borrokatua

Atsedenaldiko markagailuan erakusten zuen parekotasun hori mantendu da hirugarren eta laugarren laurdenetan. Puntu gutxiko tartea izan da hirugarrena, eta akats askokoa laugarrena. Baloi galerak, falta teknikoak, erasoko faltak, protestak.... Bada, nafarrek 61eko berdinketa lortu dutenean (bukatzeko bi minutu eta erdi geratzen ziren), etxekoek esku-frenoa ipini diote partiduaren erritmoari. Jokaldiak landuz, eta bereziki baloi garrantzitsu bat berreskuratuz, bost puntuko aldea zabaldu dute 66-61. Azken erasoetan, defendatzea tokatu zaie. 

Hirutik, hiru

Megacalzados Ardoiren kontra lortutako garaipenarekin, hirugarrena lortu du MUk. Hiru partidu jokatu dituzte, eta hirurak irabazi. Hurrengoa Tabirakoren kontra jokatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak