Realak deituta Merinok eta Diazek gaur egitekoa zuten bilera, bertan behera

Xabi Gorostidi 2020ko aza. 20a, 11:47

Realaren ekimenez batzarra egin zuten bi hautagaitzek astelehenean, euren arteko desadostasunak baretu eta akordio batzuk lortzeko. Akordio zehatzik lortu ez zenez, gaur egin behar zuten bigarren bilera bat, baina ez da halakorik gertatuko. Asteleheneko batzarrak emandakoa prentsara "filtratu" ostean, gaurko bilera bertan behera geratu dela konfirmatu diote bi hautagaiek GOIENAri. 

Garai Berriak hautagaitzako buru Manu Diazek baieztatu egin du astelehenean bi aldeak batzartu egin zirela. Gehitu du "bilera pribatu bat" izan zela eta hori pentsara filtratu ostean bigarren bilera bertan behera uztea erabaki zutela asteazkenean, "konfiantza girorik ez dagoelako".  

Denon Joko-zelaia hautagaitzako buru Adrian Merinok ere asteleheneko batzarra egin zela baieztatu du. "Reala Federazioko parte denez, ez genuen begi onekin ikusten epaile rola hartu nahi izatea; baina gure hautagaitza beti egon da negoziatzeko prest, eta bileran parte hartu genuen. Ostean, bertan landutakoak prentsara filtratu ziren, eta, hori ikusita, Jokin Aperribay presidenteak bigarren bilera ez egitea erabaki zuen".

Gauzak horrela, hauteskunde bidez erabaki beharko da Federazioko zuzendaritza nork hartuko duen. Berez, azaroaren 23a zen botazioa egiteko eguna, baina pandemiaren eraginez atzeratzea erabaki zuten, eta une honetan ez dago datarik zehaztuta. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak