Carlos Sanchez: "Sasoia hartu genuenean galarazi ziguten lehia"

Hasier Larrea 2020ko aza. 18a, 18:17
Carlos Sanchez Saioa Karateko entrenatzailea, bi ikasleren artean

Urri amaieran Saioa Karatekoak Euskadiko txapelketa prestatzen ari zirela atera zen lehiaketak bertan behera lagatzen zituen legea. Aurten, entrenatzera mugatu beharko dute, beraz.

Gipuzkoako txapelketan zazpi domina lortu zituzten Saioa Karate Klubean entrenatzen diren gazteek, urriaren 11n Hondarribian izandako hitzorduan. Urri amaieran jokatu behar zen Euskadiko txapelketarako sailkatzea lortu zuten horrela; baina lehiaketa "ilusioz gainezka" prestatzen zihardutela jakinarazi zieten 2020ko lehia guztiak suspendituko zirela. Beraz, urtarrilera arte itxaron beharko dute, gutxienez, tatami gainean mailarik onena erakusteko.

Zenbat lehiatan parte hartu duzue denboraldi honetan?

Hiru txapelketatara joan gara urrian zehar, Guadalajarara birritan, kluben arteko liga nazionala jokatzera, eta Hondarribira behin, Gipuzkoako txapelketan lehiatzera.

Ze zapore utzi zizueten norgehiagoka horiek?

Guadalajarako lehen hitzorduan, kadete eta 21 urtez azpikoen kategorietan lehiatu ginen Danel Izurrategi eta Iosu Madinabeitiarekin. Handik bi astera berriz itzuli ginen, orduan junior eta senior mailetan aritzeko, Aitor Lasagabasterrekin eta Iosu Madinabeitiarekin. Borroka haietan maila txukuna eman zuten gure karatekek, kontuan hartuta dagokiena baino kategoria bat zaharragoekin aritu zirela. Hondarribiko hitzordura bost kara-tekarekin joan ginen, eta zazpi domina lortu genituen, guztira. Aitor Lasagabasterrek, gainera, bi urrezko domina lortu zituen, kata eta kumite mailetan. Egia esan, sorpresa izan zen halako emaitza onak eskuratzea.

Nolako urtea izan da aurtengoa?

Guztiz gorabeheratsua. Martxotik maiatzerako itxialdian etxean egiteko ariketak bidali genizkien gazteei, jarraikortasun batekin egin zitzaten. Norberak etxean daukan espaziora moldatzeko moduko ariketak ziren, pasillo bakoitzean egiteko moduko hiruzpalau teknika. Gimnasioan 20 teknika inguru egiten ditugu, hortik atera kontuak zenbat eragozpen izan ditugun.

Eta ekainean, gimnasiora berriz.

Bai, hala da. Itzuleran jendeak karatea praktikatzeko gogoa zeukala frogatu genuen, sasoitsu heldu ziren ikasleak, oro har. Hala eta guztiz ere, zenbaitek klaseak uztea erabaki zuten, gune itxiak ekiditeko eta musukoarekin entrenatzeko eragozpenak zituztelako.

Kopurutan, zer-nolako beherakada izan duzue?

Momentu honetan 35 inguru gara, guztira, kategoria txiki, ertain eta nagusietan banatuta. Martxoan 55 inguru ginen; beraz, %30eko jaitsiera izan dugula esan genezake.

Animatu al da jende berria karatea probatzera?

Bai; benetan albiste pozgarria izan da hori. Irailean kategoria txikiko 10 ikasle inguruk eman zuten izena. Harrigarria izan zen, aurten, beste urte batzuetan ez bezala, ez dugulako inongo publizitate kanpainarik egin.

Urteetan lana ondo egin duzuen seinale izango da hori...

Izan liteke, bai. Ahoz ahokoak asko egiten du, herri txikia baikara. Gustatuko litzaiguke genero aldetik kopuru berdintsuetara iristea, nahiz eta orain dauzkagunak ez diren hain makalak: nagusietan 12tik 4 dira neskak, ertainetan bakarra dago, eta txikietan lauzpabost. Emakumeak %30 direla esan genezake, beraz.

Nola ohitu dira karatekak errealitate berrira?

Gazteak musukoarekin entrenatzera ohitu dira, eta jada naturaltasunez hartzen dute. Munduko txapelduna den Sandra Sanchez karatekaren gomendioak jarraitu ditugu. Hasieran, mu-suko barik entrenatzen zen, baina, araudiak musukoarekin lehiatzera behartzen zuenez, lan-saioak ere musukoarekin egiten hasi zen, eta guk eredu hori jarraitu genuen.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak