Astelehenean hasiko dira Musakolako igerilekuko beiratea konpontzen

Hasier Larrea 2020ko aza. 13a, 13:41
Igerilekuko beiratea hautsita, haizeteen ondorioz

Erabiltzaileei igerilekua itxita egondako denborak eragindako kaltea arintzeko, epealdi horretako bonuaren zati proportzionala itzuliko die Udalak.

Pasa den urriaren 21ean izandako haizete bortitzak Musakola kiroldegiko igerilekuko beiratea erortzea eragin zuen. Ordutik Udalak "ahalik eta lasterren zerbitzua berrezartzeko lanak bideratu ditu: perituen azterketa, aseguruaren txostena eta konponketaren zehaztapena".

Behin tramiteak eginda, atzo burututako Gobernu Batzordeak Musakolako igerilekuko kristalera urgentziaz konpontzea onartu zuen. Lanak astelehenean hasiko dira, azaroaren 16an.

Polikarbonatozko 2 plaka jarriko dira, kristal bikoitzeko aluminiozko itxiturarekin. Lanek 58.800 euroko aurrekontua dute, BEZik gabe. Hilabete buruan lanak amaitzea dago aurreikusita, ostean ohiko jarduna berreskuratu ahal izateko.

Erabiltzaileei galera ekonomikoa arinduko zaie

Urriaren 21az geroztik igerilekua itxita egon denez gero, "bitarte horretan herritarrei igerileku-zerbitzua eskaintzeko ahalegina egin dugu", adierazi dute Udalbatzatik. "Tartean, inguruko herrietako igerilekuak erabiltzea aztertu genuen, baina Covid-19ak eragindako egoera eta ezarritako segurtasun-mugak medio ezin izan dugu halakorik bideratu".

Ondorioz, erabiltzaileei igerilekua itxita egondako denborak eragindako kaltea arintzeko, epealdi horretako bonuaren zati proportzionala itzuliko die Udalak.

Segurtasun neurri berriak indarrean

Azaroaren 6an argitaratutako Eusko Jaurlaritzaren 38/2020 Dekretuan zehaztutakoa jarraituz, Arrasateko Udalak egoera berrira egokitu ditu kirol zerbitzuak, bereziki, Musakolako eta Uarkapeko kirolguneetan.Ondorioz, 22:00etan beharrean, 21:30ean itxiko da Musakolako kiroldegia astean zeharreko egunetan. Uarkapeko gimnasioko ordutegiak, ordea, ez du aldaketarik jasango.

Horretaz aparte, jarduera fisikoa eta kirola bakarka baino ezin da egin. Horrek eragina dauka frontoien, tenis pisten, padel pisten eta squash pisten alokairuan.

Kiroldegian garatzen den jarduera fisiko oro maskararekin egin behar da orain. Beraz, gimnasioko makinetako edota boulderreko erabiltzaileek beti maskara jarrita izan beharko dute.

Taldeko kirol jarduerak eten egin dira, bai entrenamendu zein lehiaketetan. Txapelketa profesionaletan eta erdiprofe-sionaletan daudenak dira salbuespena; errugbiko taldeen kasuan, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak